Gerra osteko Tafallan, balkoi ireki baten atzean kantari zebilen emakume baten historia kontatzen du 'Balkoi atzean emakumeak kantari’ Boga Boga produkzioak konpainiaren antzezlanak. Eta bi Adriana ditu protagonista obrak: Adriana Salvo antzerkigileak Adriana Zaratieguiri buruzko lan bat sortu du.
Adriana Zaratiegui "nire amona izan zen, ezagutu ez nuena", azaldu du Salvok. "Bera artista ederra zela esaten zidaten. Antzerki pila bat egin zuen Errepublika garaian, baina gero beste emakume askok bezala. Gerra iristerakoan, eta ondoren etorri zen frankismoko errepresioarekin etxean geratu behar izan zen talentu horiek garatzen", gaineratu du zuzendariak. Hala ere, Zaratieguik lortu zuen bidea bere talentua bazterrean gera ez zedin, "amonak balkoia irekita uzten zuen, baita negu hotzean ere", eta horrela ezagutzen omen du Tafallako jendeak ere.
Amonaren kontakizuna baliatu du esperientzia indibidualetik memoria kolektiboko ariketa bat egiteko. Izan ere, Tafallako artxiboarekin eta Nafarroako Memoria Historikoaren Institutuarekin batera egin du lan obrarako dokumentazio eta garapen fasean. Innova proiektuari urte bete eman zuen ikerketan Salvok.
Antzezlanaren bitartez ikusarazi nahi izan du "emakume haiek ikusezin bihurtu zituztela" eta isiltasunaren aurrean, "behar duten eta merezi duten tokia hartu"; "pertsonaletik kolektibora" harilkatu du kontakizuna Salvok. Zaratieguiren historia ere baliatu du antzerkigileak berea propioa azalerazteko eta emakumeek pairatutako indarkeria mota oro ikusarazteko.
Lantalde oso sendo bat izan du sorkuntzan bidelagun, bai arlo estetikoan baita teknikoan ere. Esaterako Lucia Ezker, David Bernues argiztapenean, Aiora Ganuza jantzitegian… Baina benetan berezi egiten duena oholtza gaineko lantaldea da: aita, anaia eta alaba lagunduta igotzen da emanaldiro oholtzara aktorea.
Adriana Zaratiegui ezagutu du Salvok egindako ikerketari esker eta ikuslea gonbidatzen du gauza bera egitera, bere amona izan zena ezagutzera, garai oso bateko emakumeen bizimodua ezagutu, ikusarazi eta gogoratzeko.