Harkaitz Cano: “Idazlearentzat heldutasuna iristen da batere kritikarik irakurtzen ez duenean”

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 24a

Susa argitaletxearen eskutik ‘Silueta’ eleberria kaleratu du Harkaitz Canok. Idatzi ez den liburu bati egindako 31 kritika biltzen ditu

“Orain artean idatzi dudan eleberririk jostagarriena da Silueta”. Harkaitz Cano idazleak bere lan berria kaleratu du. Eraiki daiteke eleberri bat hura irakurri gabe, egin zaizkion kritika on eta txar, sutsu edo suntsitzaileen hariari segituz? Existitzen ez den liburu bati egindako hogeita hamaika kritika eta iruzkin biltzen ditu Siluetak. Susa argitaletxearen eskutik, bihar aurkeztuko da, arratsaldeko 7.30etatik aurrera, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko areto nagusian.

“Hizketarako jokoa ematen duen liburu horietako bat da. Nobela tranpa deitzen diot nik. Nobelarik ez da, baina kritika horien bitartez irudikatu daiteke balizko eleberria. Irakurleak osatu ahalko du. Eta seguruenik irakurle bakoitzak istorio ezberdin bat sortuko du buruan”, dio Harkaitz Canok. Idatzi ez den liburuari egin zaizkion 31 kritikak oso desberdinak dira beraien artean. Ezinbestean spoilerrak egiten dira bertan, irakurleak eleberria marraztu dezan. Kritika estilo desberdinak irudikatu nahi izan ditu Canok: beren bizitza kontatzen dituztenak, eleberria irakurri gabe egiten direnak, liburua aitzakia moduan hartzen dituenak egilea kritikatzeko edota lanarekin zerikusia ez dutenak. “31 ikuspegi desberdinetatik islatzen da eleberria. Oso kontu meta literarioa egin nahi izan dut. Askotan sortzaileok gure lana idazten ari garen bitartean testua mozten dugu etengabean. Eta bat-batean paragrafoak kentzearen poderioz nobela osorik ezabatzen badut?”.

“Balizko nobela horren inguruko ideia batzuk nituen buruan, baina kritikariak izan dira nobela idatzi dutenak eta esan didatenak zer gertatzen ari zen. Beraz, prozesuaren bukaeraraino ez da eraiki existitzen ez den nobela hori. Nobela infinitua da. Eta Siluetari egingo zaizkion kritika guztiak nobelaren parte izango dira”.

Azaroaren 25ean aurkeztuko da Silueta, Iruñeko Hizkuntza Eskola ofizialeko areto nagusian, arratsaldeko 7,30ean. Aurretik, Harkaitz Cano idazlea Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazatik pasa da xehetasun guztiak kontatzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!