Astelehen arratsaldean ‘Nortasunaren defendatzaileak: Guatemalaren ahotsak’ ez-fikziozko podcast narratiboak Guatemalaren bihotzera bidaiatzera gonbidatuko gaitu, Saqb 'ech Perez maia mam aktibista gaztearen istorioaren bidez. Arratsaldeko 18:30ean Laban izango da hitzordua.
Podcast bat baino gehiago da. Ordu erdiz, soinuaz gain, girotuko dute espazioa usainekin eta dekorazioarekin. Ondoren, erakusketa bat ere izango da ikusgai.
Maia kultura ez dago bakarrik Guatemalan, eta herrialdeen artean “kosmobisio antzekoa dute”, azaldu du Munduko Medikuetako Jaione Eugik. Herrien batura defendatzen du Saqb 'ech Perezek. “Bere herrialdean maia mam izen bat jaso zuen lehendabiziko emakumea izan zen”, eta horregatik gainera diskriminazioa pairatu zuen eta horrek eta aitaren aktibismoak eraman zuen eskubideen borrokara eta maia mam hizkuntzaren transmisiora.
Nafarroako Munduko Medikuek antolatu dute jarduera Krisi ikus(ezin) kanpainaren baitan. Eugik ohartarazi du geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari dela kanpaina. “Palestinari buruz hitz egin behar dugu egunero, baina beste herrialdeetan ere gauzak gertatzen ari dira egunero eta mundua ulertzeko begirada zabaldu behar dugu”, azaldu du Eugik.
Jardueran parte hartzeko izen ematea beharrezkoa da.