Neomak, beldurrei kantuan

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 14a

'Lazturak orbain' bederatzi abestiko diskoa kaleratu berri du taldeak. Egindako bideaz, iruditeria berriaz, musika estilo aldaketaz eta zuzeneko emanaldiez mintzatu da Leire Etxezarreta taldekidea. “Euskal folklorea ez dugu alde batera utzi, baina zerbait esperimentalagoa egiten saiatu gara", definitu du musikariak.

Bederatzi kantaz osatutako lana kaleratu du Neomak taldeak: ‘Lazturak orbain’. Beharbada, dagoeneko Neomak taldeak ez du aurkezpenik behar, aski ezagunak direlako. Neomak taldekoek gazte hasi zuten musika ibilbidea trikiti lehiaketetan, eta urteak eman zituzten gero zuzenekoetan kantatzen Kepa Junkera musikariarekin. Sorginak izenarekin aritzen ziren orduan, eta gerora hartu zuten Neomak izena eta 2022an argitaratu zituzten lehen abesti propioak.

Egun, lau kidek osatzen dute taldea: Alaitz Eskudero Unanuek, Irati Gutierrez Artetxek, Garazi Otaegi Lasartek eta Leire Etxezarreta Learretak. “Haustura natural” baten ondorioz, zazpi kide izatetik lau izatera igaro dira, baina “ilusioa” mantentzen dute, hasieran bezala.

Beldurra da diskoa harilkatzen duen gaia, “diskoan hitz egiten dugu beldurren inguruan, sortzen dituen zalantzen inguruan. Eta beldur horiek sortzen dituzten orbanen inguruan”, azaldu du Etxezarretak. “Diskoa barne bidaia da eta kantuen ordenak hori erakusten du”, gaineratu du; “kantu bakoitzean beldurrari modu batean begiratzen diogu.

Halaber, norabide aldaketa bat izan da ‘Lazturak orbain’. Euskal folklorea izan da orain arteko lan-lerroa eta ardatza eta hori mantendu badute ere, elektronikarekin ere uztartu dute. “Euskal folklorea ez dugu alde batera utzi, baina zerbait esperimentalagoa egiten saiatu gara”, azaldu du taldekideak. Eta hain zuzen, aurrerapen kantua izan zen ‘Inork ez du berdin egiten negar’ abestiak “oso ongi biltzen du diskoaren gaia eta indarra”.

Zuzenean diskoa aurkezteko gogotsu agertu da Etxezarreta. Formatu aldetik aldaketa egin dute eta Etxahun Urkizu bateria jotzailea eta Eider Villalba teklatu jotzaile eta abeslaria izango dira haiekin batera oholtzan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!