Lesakako zakurrek Gazteluko plazara egingo dute salto. Martxel Rodriguez dantzariak aurreratu du zer ikusiko dugun taula gainean. “Planteatzen ditugu bi gorputz, elkarren artean ulertzen direnak, elkarren artean jostatzen direnak, baina aldi berean ere elkarren artean gatazka bat badutenak eta nolabait bizitzan zehar pasatzen ditugun emozio desberdinak gorpuzten dituzte”, azaldu du Rodriguezek.
Hori islatzeko zakurraren ideia eta sinboloa erabili dute, “fideltasuna, maitasuna, borroka edo erresistentzia” bezalako terminoak ekarri dituzte oholtzara.
“Plazerra” izan da Marcos Morau koreografoarekin batera lan egitea, eta batez ere, berak proposatutako ideia gorpuztea. Gainera, ez du bakarrik eginen dantza, Jon Lopez konpainiako beste sortzaile eta bidelagunarekin bat egiten du. Horrek berezi egiten du emanaldia dantzariaren ustean: “lan hau ezinezkoa da ordezkatzea; guk sortu genuen gure gorputzekin eta gure gorputzentzat”. Esperientzia eta ibilbide propiotik asko du dantza emanaldiak eta horrek egiten du berezi, “guk bakarrik egiten dugun zerbait da”.
Elkarlanean aritze bera “oparia” izan da. Ekarpena alde bikoa izan dela iritzi dio Rodriguezek “Morauren aldetik bere ekarpena handia izan da eta uste dut ere aldi berean, guk ere aportatu dugula bere lengoaian”.
2022an atera zituzten kalera zakurrak eta dagoeneko 150 emanaldi egin dituzte. Gaurkoa, hala ere, berezia izango dela aurreratu du Rodriguezek. Sarrerak salgai daude zortzi euroan eta emanaldia, arratsaldeko 19:00etan izango da, Laban.