Palindromo egile, hitz jostalari, musikari, idazle... Ofizio eta afizio askotarikoak izan zituen Markos Jimenok bere bizitzan. Gauza guztien gainetik, artista izan zen. Bere bideari eta utzidako ondare artistikoari omenaldia egin nahi izan dio Maite Arroitajauregik, Mursegok, bere azken ikuskizunarekin. Sukramarkus hori baita, ezeren gainetik: omenaldia. Hala aitortu digu musikariak Iruñaldiaren eskutik ostegunean 20:30ean Kondestablearen Jauregian eskainiko duen emanaldiaren harira. "Laguna nuen, bai bera eta bai bere familia, eta utzitako ondare guzti horrekin zerbait egin nahi nuen".
Izan ere, Markos Jimenoren inguruan errekonozimendu eta ezagutza falta bat badagoela ere nabarmendu du. Akaso palindromoen mundua oso minoritarioa delako. Akaso gizarte garaikideak, oraindik ere, gaitz mentalak pairatzen dituztenak baztertzen dituelako. Izan ere, bipolaritateak eta depresioak zeharkatu zituen Jimenoren bizitza, bere sorkuntza lanetan islatu zuen errealitatea. 44 urterekin bere buruaz beste egin zuen, atzean "oso aberatsa, oso zabala" den unibertso oso bat utziz.
Joseba Sarrionandiak berak Gimenoren lana berreskuratzeko ariketa egin zuen 2023an Txalapartaren eskutik plazaratu zuen Markos Gimenoren 101 letrakartel liburuan, eta hortik abiatu zen Mursego Sukramarkus emanaldia sortzeko. "Liburu horren argitalpenaren harira erakusketa bat egin zen bere egunean, eta erakusketa horretarako kontzertu txiki bat prestatzea eskatu zidaten, nire sorkuntzarekin oso ongi bat egiten duen sorkuntza lana egin zuelako Gimenok", gogoratu du. "Kontzertuaren erdia bere palindromoetan oinarritutako kantuekin eta beste erdia nireekin egitea izan zen proposamena, baina nik ezin nuen kontzertu erdi bat bakarrik egin". Behin Gimenoren munduan sartuta, izan ere, oso zaila da hortik ateratzea, barnean trabatuta gelditu gabe.