Iruñerrian eguraldi epela dugun arren, Pirinioetako gailurretan elurra ikusten dugu duela pare bat astetik hona. Heldu da hotza, helduko da negua, eta 1894. urtea izanen balitz, emakume ahotsak entzunen genituen, eztabaidan, Pirinioak behar baino lehen zeharkatu ala ez. Lucia Ezker iruindarraren Uxina lanak heltzen dio gaiari.
Kontakizunaren ideia albiste konkretu batekin abiatu bazen ere, "Ainarak deitutako Pirinioetako emakume espartingileen migrazioen historia kontatzen du", azaldu du Ezkerrek. 19. mendeko bigarren erdialdean migrazio-estazionalak egiten zituzten Pirinio inguruetako emakumeek: iparraldera, udazkenean, Maulen lan egitera, eta udaberrian itzultzen ziren.
Ezezaguna izan den emakumeen historia kontatzeaz gain, zaraitzuera berreskuratzeko balio izan du proiektuak. Benetako errealitate linguistikoa ere erakutsi nahi zuen zinemagileak eta horretarako Aitor Aranarekin jarri zen harremanetan, Zaraitzuko hiztegiaren egilearekin. "Erronka potentea" izan zen, baina gidoia itzuli eta ahoskera lantzen hasi ziren sei aktoreak. "Bidaltzen genizkion audioak Aitorri eta oso ederra izan zen ere lan hori, zaraitzueraz entzutea nolabait zelako emakume hauen izaera definitzea", azaldu du Ezkerrek
Uxina Golem zinemetan pantailaratuko dute ostiralean, arratsaldeko 17:15ean, IPES fundazioak antolatutako Mundua eta giza eskubideak zinema zikloan. Emanaldian ere Lucia Ezker bera izanen da ikus-entzunezkoaz solasean.