LAPIKO ARTEAN

Udazken produktuak eta gazta ekoizleak hizpide Julen Urtasunekin

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 10a

Lapiko artean ibili gara Julen Urtasun sukaldari, gozogile eta pizza-jalearekin. Udazkeneko produktuak hartu ditugu hizpide gaurko atalean

Udazken betean gaude eta klima aldaketaren ondorioz, hotza eta euria gero eta beranduago etorri, hainbat produktuz gozatzeko momentuan gaude. Gaztaina garaian gaude. Erreta jaten ditugu batik bat, baina badaude gaztainak sukaldean beste modu batzuetan erabiltzeko aukera. Julen Urtasunek fruitu lehorren antzera erabiltzeko proposamena egiten digu. “Pesto bat, romesco saltsa bat edota hortxata bat egin dezakegu gaztainekin”. Kalabazak eta boniatoa jateko momentuan gaude. Urtasunek jakitera eman digu Katalunian gaztainekin batera boniato erreak ere saltzen dituztela. “Oso gozoak dira baina gatz puntu batekin, ozpin-olio saltsa batekin edota gaztarekin beste zapore bat lortu dezakegu”. Kalabazak urrian eta azaroan nonahi aurkitu ditzakegu eta Julen Urtasunek gomendio bat egin digu: “Gure jatetxean badugu kalabaza erre plater bat, azenario eskabetxe batekin eta Erronkariko Ekia gaztandegiko gaztanberarekin. Izugarri goxoa dago”. Kalabaza moldagarriagoa da sukaldean. Krema, errea, plantxan edota entsaladetan jan dezakegu.

Gazta ekoizleak ere izan ditugu hizpide Julen Urtasun sukaldariarekin. “Ekoizle askorekin egiten dugu lan. Bi nabarmendu nahi ditut gaur. Arruazuko Albi gazta edota gazta urdina. Badute ere zortzi eta hamar kilo arteko gazta cheddar handi bat. Eta Pirineki gaztandegia ere, behi esnearekin egiten dute. Gazta bigunagoak egiten dituzte. Patxakan ondutako gazta ere badute”. Atala bukatzeko boniato plater proposamen batekin etorri da Julen Urtasun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!