Iruñerriko gaztetxeez ari garenean, berehala datorkigu burura Maravillas. Gerora ere Arrotxapean, Burlatan, Zizurren… ingurutan eta urteetan zehar izan dira gaztetxeak eta duela pare bat aste Txantreak ere estreinatu zuen gaztetxea. Monreal kaleko 2. zenbakian kokatzen da eta Maiatzak 1 izango du izena.
Duela pare bat urte sortutako Haustura gazte langileen asanbladak bultzatu du proiektua eta oraingoz, auzoan eta inguruan izan duen harrera ona nabarmendu dute. Naiara Pedro Hausturako kideak azaldu bezala martxan da gaztetxeko jarduna: "auzolanak antolatu ditugu, bizilagunekin harremanak indartzen ari gara, Palestinari buruzko hitzaldia antolatu dugu, azaroaren 25arekin ari gara orain...".
Gune autogestionatu berriak "gazteak bildu, antolatu eta politizatzeko leku bat izateko beharrari erantzun nahi dio". "Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da", aitortu du Pedrok. Lan lerroak finkatu dituzte eta jendearen ideia eta ekarpenak jasotzearen esperoan daude, Txantreako Gaztetxea guztion proiektua bilakatzeko.