Kepa Yekora eta Oskar Sada: (EHGAM Nafarroa): “Ez toka, ez noka, guk xoka”

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 4a

Genero disidentzia hizkuntzara eramanen dute hirugarrenez Ehgam Nafarroak antolatutako ‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldietan

Ehgam Nafarroak antolatzen dituen Xoka. Jite disidenteak jardunaldiak Iruñera itzuliko dira azaroaren 6an, 19an, 20an eta 27an. Kepa Yekora eta Oskar Sada antolatzaileak argitu moduan, jardunaldiaren hirugarren edizio honen helburua, aurrekoan bide beretik, genero disidentzia hizkuntzara eramatea izanen da: "Ez toka, ez noka, guk xoka. Hitanoa noka eta toka artean banatzen da eta oso ikuspegi bitarra iruditu zaigu beti. Hala, xoka asmatu genuen, beste hizkuntzetan egiten ari diren ariketa hori euskaraz ere egiteko”. LGTBQ+ komunitatearekin zerikusi zuzena izan arren, “jendarte osoari zuzenduta daude ekitaldiak. Era berean, euskara ikasten ari direnentzako ere oso interesgarriak izaten ahal dira”.

Xoka jardunaldiko lehenengo bi saioak Laban izango dira, arratsaldeko zazpietan.  Azaroaren 6an izango da lehenengo hitzordua. Bertan, Ariadnaren haria. Sexu eta generoa hizkuntzaren labirintoan liburuaren aurkezpena egingo du Beatriz Fernandez egileak, Garbiñe Bereziartuaren laguntzarekin.

Azaroaren 19an berriz, Magma Mia! bakarrizketa eskainiko du Beatriz Egizabalek. Patriarkatuak egunerokotasunean gorputzetan duen eragina aztertuko du ikuskizunak, adin ertaineko emakume baten ikuspegitik.

Azkenik, azaroaren 20 eta 27an Fanzine kuir lantegia antolatu dute Kondestablearen Jauregian. “Fanzineek aukera ematen dute ikuspuntu alternatiboak hedatzeko eta horrek esan nahi du tresna egokia izan daitezkeela ideiak eta gizarte-aldaketaren sustapenean. Kasu honetan, hizkuntza bera eta sexu-genero disidentzia uztartuko ditugu fanzinean”. Ekitaldi guztiek sarrera librea dute.

Irrintzi Plaza saioan Kepa Yekora eta Oskar Sada Ehgam Nafarroako kideak izan ditugu Xoka. Jite disidenteak jardunaldiaren inguruko informazioa partekatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!