Eta zuk, nola irudikatzen duzu Iruñea 2050ean?

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 30a

'Imagina Iruña 2050' egitasmoa antolatu du Iruñeko Udalak etorkizuneko hiria irudikatzeko. Adituez osatutako mahai ingurua eta Maria Zapata artistak egingo duen ekintza performatibo bat antolatu dute gaur arratsaldean Ziudadelan. Berdintasuna, komunitate izaera, espazio fisikoak, jasangarritasuna eta filosofia izango dute hausnarrean, besteak beste. 

Uxua Domblas Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda zuzendariak parte hartzera dei egin du.

Kolore zuriko burbuila bat paratu dute Ziudadelan. Etorkizunetik etorritakoa dirudi, beste garai batekoa. Eta hain zuzen, etorkizunari buruz hausnartzeko espazio bat da. Iruñeko Udalak Irudikatu Iruña 2050 egitasmoa antolatu du Pompelo hiriaren erromatar sorreraren 2.100 urteurrenaren baitan etorkizunaz hausnartzeko. Uxua Domblas Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda zuzendariak eman du egitasmoaren berri.

Herritar ororen parte hartzea ezinbestekoa da etorkizuna diseinatzeko. "Behar dugu laguntza guztia eta hori egin dugu: partekatu. Ez da bakarrik udalak bere barnean teknikariarekin pil-pilean lantzen ari den platera, etorkizuneko plater hori, baizik eta gaur Iruñean bizi garenon artean diseinatuko dugun etorkizuna", azaldu du Domblasek. 

Baina zein dimentsiotan egin behar da hiriaren irudikapena? Jasangarritasuna, trantsizio energetikoa, ekintza kolektiboak eta filosofia izango dira jorratuko diren bestelako gaiak. Eta horretarako, adituen hitzak entzuteko aukera izanen da jardunaldietan. Gaurko hitzorduan, Humberto Bustince, Itziar Gonzalez, Cote Romero eta Javier Echeverria.

Ondoren, Maria Zapata aktorearen eskutik dinamika berezia egingo dute burbuilan, hiria gorputzetik, emoziotik eta irudimenetik irudikatzera eramango gaitu. Gaur arratsaldeko 17:00etan hasiko da jarduera, Ziudadelako armen aretoan eta alde aurretik izen ematea beharrezkoa da. 

Zergatik 2050?

2030 Agendaren bidetik sortutako ekimena izan arren “2030 ia-ia iragana da, pasatu da”, aitortu du Domblasek. Begi bista 2050ean jartzea “eskala motz eta epe ertain edo luze batean pentsatzea da. Normalean hirigintza eta herrigintzatik hogei urteren bueltan begiratzen zaio “auzo berriek funtzionatuko duten martxan jarri arte ez dakigu eta hogei urteka begira lan egiten dugu”.

Hala ere, ez da arrazoi bakarra. Data borobila izateaz harago, Europako legediak 2050ean jarrita du ortzimuga eta Iruñeak horrekin egin nahi du bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!