Euskal Herritik Estatu Batuetara, Iruñatik Arizonara, bidaia egiteko aukera izango da asteazkenean Nafarroako Antzerki Eskolan, arratsaldeko 19:00etan.
Mugen inguruko antzezlana da. Arizonak Mexikorekin egiten du muga, baina beste edozein tokitako muga irudikatzeko balio du. “Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan Faisaien irla filmari buruzko erreportaje bat egiten egon naiz berriki eta konturatu nintzen han gertatzen dena Arizonan gertatzen denaren oso antzekoa dela baita ere”, azaldu du Jon Plazaola aktoreak.
Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendika gorpuzten dituzte George eta Margareten pertsonaiak. Testua Juan Carlos Rubiorena da Kepa Errastik egin du itzulpena. Berehala deitu zuen aktoreen atentzioa testuak, “nola zegoen idatzita, ze gai ukitzen zituen, zuen kutsu politikoak eta baita ere aldarrikapen kutsu horrek erakarri gintuen”.
Ia urte bete igaro da antzoki bira abiatu zutenetik eta hala ere, “hain gauza aktuala eta hain bizi dagoen zerbait da”; horrek “motibatzen” ditu. Lana egokituz doaz “Trumpek titularrak ematen dizkigu astero”, esan du barre artean Plazaolak. Umorea eta errealitatearen lerroa lauso bihurtzeraino askotan.
Umorea, parodia, ironia eta kritika soziala margoztatzen dute obra. “Publikoaren erreakzioa berezia da. Publikoak segituan identifikatzen du ez dela barre egiteko bakarrik den antzezlan bat. Badago, nolabait esateko, publikoak Aitziber eta niregandik espero dezakeen horretatik dezente. Baina badaude ere beraien barrenak mugiarazten duen zerbait, aitortu du Plazaolak.