Mendi oro talka batetik sortzen da. Naturan, plaka tektonikoen arteko talkaren ondorioz, sortzen dira mendiak. Talka egin, lurrazala zimurtu, tolestu eta goratu egiten da. Pertsonengan ordea, talkak gertatzen direnean, zer gertatzen da? Horren inguruan hausnartzeko bidaia proposatzen du Mendia antzezlanak, Lucia Ezker eta Mikele Urrozen proposamenak.
Mendiari uko egin zion alpinista batek, mendira itzultzera behartuta ikusten du bere burua, senide baten errautsak uzteko. Hortik abiatzen da antzezlana, baina proposatzen du espedizio oso bat, bidaia bat. "Bokazioari buruzko lana da", Urrozen ustez. "Non naiz ni neu?" galdera horri erantzuteko bidea ere bada, "alpinista batentzat mendiarekiko maitasuna izan daitekeena, niretzat antzerkia izan daiteke", azaldu du.
Txikitatik bizi izan du "mendiko kultura" nafartarrak. Uneren batean "klak" egin zuen zerbaitek bere barnean eta mendiaren metaforaren bitartez plazaratu zituen bere ezinegonak. "Sokalagun" izan den lan talde "zabal eta zoragarri" bati esker ekarri du mendia oholtzara: "elkarrekin lortu dugu". Izan ere, askotan beharrekoz da soka bat izatea eta "hemen nagoela" jakitea. Dolua, norberaren barne talkak eta identitatea jorratzen ditu lanak bakarrizketa baliatuta. Ez da ordea, baliabide bakarra. Lucia Ezkerrek laguntzen du eszenografia zuzenean kamara batekin eta maketei esker paratu dute oholtzan gailurra.
Asteazken honetan, Antzerki Aroa zikloaren baitan taularatuko dute Mendia, arratsaldeko 19:00etan.