KIROLERRIA

Lehengo lepotik burua

Eñaut Agirrebengoa 2025eko urriaren 20a

Osasunaren gizonezko taldeak galdu egin zuen berriz ere Iruñetik urrun: 1-0 Atletico Madrilen aurka. Emakumeak, berriz, bolada onean dira, eta Betisen aurka hirugarren lehia kateatu zuten golik jaso gabe (0-0).

Lisciren Osasunak ezinean jarraitzen du etxetik kanpo. Datuak argigarriak dira: bost partidatan, zero puntu eta gol bakarra alde. Momentu honetan, Europako zifrarik txarrenak ditu bisitari moduan.

Larunbatean, 1-0 gailendu zitzaion Atletico Madril. Sergio Herrera ikusgarri aritu zen atepean, baina ezin izan zuen eragotzi Thiago Almadak 69. minutuan sartu zuen gola. Ordura arte, denetariko momentuak izan zituen Osasunak. Hasieran asko sufritu zuen, sendotzera egin zuen gero, eta markagailuan aurrea hartzeko aukera batzuk ere izan zituen.

Azkenean, ordea, logika gailendu zen Metropolitanon. Gorritxoek ligako talderik onenetako bat izan zuten aurrean, eta Simeoneren aldaketek hauspotuta, Atletico Madrilek bere egin zuen garaipena.

Hori bai, Osasunak urrezko puntu bat lortuko zukeen ate aurrean Budimirrek asmatu izan balu. Kroaziarrak oso aukera garbia izan zuen azken txanpan, baina Oblaken zango salbatzailearekin egin zuen topo.

Gauzak hala, sailkapenean 13. dago Osasuna, lehen bederatzi partidetan hamar puntu bilduta, eta datorren igandean Celta hartuko du Sadarren. 

Emakumeen Osasunak, berriz, puntu bat eskuratu zuen Betisen aurka, golik gabeko neurketa batean. Denboraldiko lehen berdinketa izan zen Josu Dominguezen taldearentzat. Aurkari deseroso eta tematia izan zen Betis, baina irmoki erantzun zuten gorritxoek.

Gauzak hala, seigarren postuan iritsiko dira selekzioen partidek eragindako geldialdira. Azaroaren lehenean jokatuko dute hurrengo norgehiagoka, Taxoaren, Europaren kontra.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerriko Osasun-etxean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!