Aukeratu gabeko bakardadea jorratzen duen lana da Ados Teatro konpainiaren ’52 Hertz’. Eta ideiaren abiapuntua bale bakarti bat da: azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat lekutan erregistratutako soinu arraro baten maiztasunari egiten dio erreferentzia 52 Hertz izenburuak, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Baina balea urdinak 10 hertzetik 39 hertzetara bitarteko maiztasunetan komunikatzen dira, eta, beraz, "balea bakarti" bitxi honen ahotsa, 52 hertzetan dardarka, espeziearen entzumen-atalasetik kanpo geratzen da.
Jasotako iritziak onak iruditzen zaizkio Aierberi. Publikoak nabarmendu du “hain gai delikatua izanik zenbat gauza eta alde ikusten diren, gogorrenak eta dibertigarrienak”. Denok nonbait gure burua ikus dezakegu identifikatuta, “hunkitzeko motiboak ematen ditu obrak”, dio Aierbek; “honekin bihotza estutu zait” eta honekin ere, “oso ongi pasatu dut” bezalakoak azpimarratu ditu jasotakoen artean.
Enpatia ariketa bat eta norberaren eta besteen minak arintzeko ariketa bat proposatzen du obrak. “Gazteak, umeak, nerabeak, helduak… denok ditugu aukeratu gabeko bakardadeak eragindako sentimenduak”, azaldu du antzezleak.
Gidoi berezia eta jorratzeko gai gogorra izan arren, “kontatzeko modua oso atsegina da” Aierberen iritziz. Zuzendarien “lan bikaina” nabarmendu du antzezleak.
Antzezlanaren Iruñeko estreinaldia bertan behera utzi dute. Izan ere, urriaren 15ean Antzerki Aroaren baitan lana taularatzekoa ziren Nafarroako Antzerki Eskolan, baina atzeratzea erabaki dute Palestinaren aldeko manifestazioarekin bat egiteko.