Irati Majuelo: “Emakumeen begi eta oinetatik hiria nola ikusten den ikertu dut”

Bidane Beloki Ezker 2025eko urriaren 8a

Hiria gure oinetan. Espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan liburua argitaratu du Irati Majuelok Lisipe bildumaren baitan. Ostiralean aurkeztuko du liburua Txalapartan arratsaldeko 18:00etan, Sarai Robles solaskide.

Espazioa eta espazioaren nolakotasuna aspaldidanik izan dira aztergai, bai zentzu filosofiko edo ideologiko batean, politikoan, baita zentzu fisikoan ere. Literaturan, espazioak kontakizuna eratzen du, narrazio zenbaitetan bigarren mailako pertsonaia edota protagonista izateraino. Horren inguruko hamaika hausnarketa eta ondorio zenbait jaso ditu Irati Majuelo Itoizek Hiria gure oinetan. Espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan liburuan. Lisipe bildumaren hamazazpigarren zenbakia da lana eta Irati Zubia Landak idatzi du hitzaurrea.

Soziologia ariketa bat proposatzen du idazleak; literaturan espazioak pertsonaiak marrazteko balio duen bezala, gizartearen erradiografia bat egiteko balio du ikerketak. Espazioak gainera, bi noranzkotan du eragina: espazioak guri nola eragiten digun eta guk espazioari nola.

“Euskal literaturan espazioaren hutsunea ikertu da, baina ez espazioa beraren presentzia”, aitortu du Majuelok. Horretarako, Majuelok emakume protagonistak dituzten bost lan hautatu ditu. “Protagonista bakoitzak hiria bizitzeko bere modua du eta emakume bakoitza ezberdina da”, gaineratu du Majuelok.

Europako hiriak, Euskal Herriko hiriak eta norberaren hiriak aztertu ditu liburuan. Dikotomia ugari jarri ditu aurrez aurre: publiko eta pribatu edo etxea eta kalea, esaterako. Liburuak literaturaz hitz egiten du, baina “egunerokoarekin lotzeko” asmo argi bat agertu du idazleak. Betiere begirada feminista batetik jarri du zalantzan espazioa.

Zubiak hitzaurrean laburbildu bezala, “liburu transfeminista bat ez balitz, dekoratu gisa har zenezake hiria, elementu pasibotzat”.

Ostiralean aurkeztuko du liburua Iruñean. Txalapartan izanen da solasaldia, arratsaldeko 18:00etan, eta Sarai Robles izango du bidelagun Majuelok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!