1971an eman zuen bere azkeneko kontzertua Enarak taldea Larraitzen, Gipuzkoan. Beñat Iturriozek taldeari bizitza berri bat eman dio izen bera duen dokumentaren bidez. Aita taldeko kantaria zen, Juanjo Iturrioz, beraz hurbiletik datorkion istorioa da. "Beti ikusi izan dugu izkutuan etxean binilo txiki bat. Taldearen inguruan gehiago jakin nahian dokumental bat egitea pentsatu nuen eta hasi nintzen harietatik tiratzen."
Pop, rock eta psikodelia estiloko musika talde hau frankismo betean eta euskara hutsean sortu zuten. 3 kantuz osatutako diska bakarra plazaratu zuten eta, horretan, bidea egiteko zirrikituak bilatu behar izan zituzten. Taldea sortu eta garatu zen garaiko testuinguru sozio-politikoa filman presentzia duen arren, Iturriozek lehenengo pertsonan egindako Enarak taldearen ikuspen propioa dela azpimarratu du. Dokumentu historiko bat baino, erretratu inpresionista bat bezala aurkezten du.
Dokumentala Zinebin estreinatu zen, gerora nazioarteko jaialdi ezberdinetan egon da eta, orain, zinema areto eta herrietan barna jarraituko du bidea. Gaur 19:00etan Kondestablearen Jauregian aurkeztuko du.