ERREPORTAJEA

Zirku hau familia bat da

Inhar Iraizotz eta Bidane Beloki 2025eko urriaren 2a

Bat, bi eta hiru. Soka tenkatu eta karpa zutik da: muntatu dute beste behin Gure Zirkua. Uharten izanen dira urriaren 18ra arte. "Ongi pasatzea ez da derrigorrezkoa", dio Iker Galartzak, baina "irri egin, hunkitu eta sentsazio guztiak dantzan jartzeko gogoa izanez gero", hauxe da zure aukera. Zirkuko barrenak ezagutu ditugu bertako lagunen eskutik.

Uhartera iritsi gara, oihala gora, eta ateak zabalik. Gure Zirkura sartzeko gonbita egin digu Iker Galartzak. Lurrean makurtuta luzapen lanetan topatu dugu Sua Enparantza. Ekain Ibarguren ordea, malabarretan, edo gauza bera dena, Galartzaren pazientzia tentatuz; nahi baino zarata gehiago atera du malabar-mazoarekin zerutik lurrera. "Gehien makurtzen den gizona" dela iritzi dio Galartzak. Argia joan da. "Zirkuaren magia " dio batek. Aritz Basterraren bila joan da bestea. Kable artean topatu eta beste ezusteko bat konpontzera bidean ezagutu dugu Basterra.

2017an Iker Galartza aktoreak zirku karpa bat erosi zion bere buruari oparitan 40 urte betetzear. Ordutik hamaika bider muntatu eta desmuntatu du karpa hura, herriz herri. Geroztik, zortzi urte igaro dira eta mila emanalditik gora egin ditu Gure Zirkuak.

Nortasun, sentimendu eta bihotz handiko ikuskizuna eskaintzen du Gure Zirkuak. Kalitate handiko askotariko emanaldiak: zuzeneko musika, akrobaziak, pailazoak, malabarrak... Baina eskaintzerik dutenaren artean gertutasuna eta ilusioa gailentzen dira.

Urriaren 18ra arte izango da Gure Zirkua Uharten. Sarrera gehienak saldu dituzte dagoeneko, baina oraindik gutxi batzuk geratzen dira eskuragarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!