EDITARGI

Ane Eslava: "Txalapartan aro berri bat ireki dugu eta gure komunitatearekin ospatu nahi dugu"

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 1a

Editargi azokaren bederatzigarren edizioaren irekieran Ane Eslava Txalaparta argitaletxeko editorearekin hitz egin dugu

Editargi, Nafarroako argitaletxe independenteen elkarteak antolatzen duen liburu azokaren bederatzigarren edizioa martxan dago. Urriaren 5era arte 16 erakustoki egongo dira bisitatzeko eta 13 jarduera eta 14 liburu sinadura antolatu dituzte. Aurtengo berritasunik nabarmenena azokaren kokalekua da. Tokenarara egin du salto azokak, Basotxo kalera.

Irekiera ekitaldiarekin batera, Editargi Saria banatu dute hirugarrenez. Oraingoan, Asun Maestro Pegenautek jaso du. Nafarroako liburutegi sarearen zuzendari lanetan aritu da azkeneko hamarkadan eta uda honetan erretiroa hartu du.

Edizio honetan hamasei argitaletxek parte hartuko dute: Alkibla, Altafaylla, Iruñeko Udala, Cenlit-Denonartean, Continta Me Tienes, Ediciones Eunate, Nafarroako Gobernua, Igela, Iratxe, Kilikids, Lamiñarra, Mintzoa, Nabarralde, Nafarpres, Pamiela, Txalaparta eta Txoria Errekan.

Aurten, gainera, azokako karteletarako ilustrazio eta diseinu lehiaketa antolatzen den bigarren aldia da, Nafarroako talentua ezagutzeko eta ikusarazteko helburuarekin. Edizio honetako irabazlea Ione Leiva Monasterio izan da, Girasol Estudioko sortzailea, Irakurtzeak leihoak irekitzen ditu izeneko lanarekin.

Era berean, azokak Gazako sarraskia salatu eta Palestinar herriari elkartasuna adieraziko dio. Horrela, Ezzideen Shehab medikuak idatzitako Gazako gutunak testuaren irakurketa antolatu dute bukaerako ekitaldi bezala. Gaztelaniaz, euskaraz eta, ahal bada, arabieraz egingo da irakurketa eta Ventura Ruiz aktore eta poetak koordinatuko du.

Irrintzi Plaza saioan Ane Eslava, Txalaparta argitaletxeko editorearekin hitz egin dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!