Kepa Yecora eta Ana Jaka (EHGAM): “Apatiko eta desantolaturik nahi gaituzte, baina errebelde izango gaituzte”

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 30a

EHGAM Nafarroak antolatuta, urriaren 4an izango da Marisolasak bazterretan jardunaldiaren seigarren edizioa Iruñeko Kondestable Jauregian

Ez dira LGTBIQ+ kolektiboko kideentzako soilik antolatutako jardunaldiak. Gizarte osora iristeko asmoarekin antolatutako erreflexiorako gunea izatea nahi dute. Helburua, bazterrean dauden errealitateak, eztabaidak eta pertsonak erdigunean jartzea izango da. “Eztabaida horiek gure garapen pertsonalarekin eta, oro har, gizarteak bere sexu izatea eta sexu-askatasuna bizitzeko duen moduarekin dute zerikusia. Marisolasak bazterretan eztabaidarako, norbera aberasteko eta prestatzeko gunea da. Herritar guztientzako gune irekia da”, adierazi dute Kepa Yecora eta Ana Jaka EHGAMeko kideak.

EHGAMeko kideen ustetan, “inboluzio garaia bizi dugu eta orain dela gutxi arte nekez pentsa genezakeena gertatzen ari da: LGTBIQ+ komunitateak lortutako aurrerapen asko arriskuan daude eta zenbaitetan atzerakada argia da”. Horregatik, mugimendu erreakzionario horren aurreran “prest egon behar dugu bai maila teorikoan, bai erresistentzia-sareak lortzeko, eskubideak eta ikusgarritasuna sendotzeko eta adi, indar erreakzionario horiek agenda baldintza ez diezaguten. Apatiko eta desantolaturik nahi gaituzte, baina errebelde izango gaituzte”.

Urriaren 4ko jardunaldia goizeko 9:15etan hasiko da, Xake sexu bitartasunari solasaldiarekin. Bertan, Mer Gomez eta Ira Hybrisekin arituko da Albina Stardust “marisolasean”. Autodefentsa transfeministaz arituko dira ondoren Irantzu Varela eta Itziar Ziga. Eguerdian, geldialdia egingo dute Palestinaren aldeko manifestazioan parte hartzeko eta bazkaltzeko; eta ondoren, Utopia transfeminista izeneko tailerra antolatu dute Madriglo Ariskas taldearekin.

Jardunaldia egun osokoa izango da goizeko 9:15etatik arratsaldeko 19:30ak arte. Sarrera doan da eta izen ematea www.ehgam.eus webgunean egin daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!