Nabarraldek azkeneko urteetan hainbat jardunaldi antolatu ditu ondarearen adierazpen desberdinen inguruan: ondare industriala, paisaia, merkataritza… Aurten, eta Iruñea Euskal Pilotaren Munduko Hiriburu izendatzearekin batera, pilota eta euskal herritarren artean duen ondare balioa izango da jardunaldiaren ardatz nagusia. “Jai-Alai, kultura, nortasuna eta kirola” izenburupean, urriaren 1etik 18ra bitartean hitzaldiak, erakusketak, emanaldiak eta bisita gidatuak antolatu dituzte.
Ekintza hauetan bi ikuspuntu uztartuko dituzte iragana eta etorkizuna, orain arte jasotako ondarea eta hemendik aurrerako erronkak. Iñigo Larramendi, ikerlaria eta Nabarraldeko kidea, Metropoli Forala saioan egon da. "Tradizioaren moldaketa horretan herria protagonista izatea garrantzitsua da. Aldaketa horietan erabakitzeko zer aldatzen, moldatzen edo onartzen den".
Azken urteetako aldaketa nabarmenetako bat emakume pilotarien pausoak, borroka eta presentzia izan da. Nafarroako Euskal Pilotako Federazioko lehendakaria lehenengo aldiz emakume bat da, Andrea Lusarreta, eta emakume pilotarien klub profesionala, Ados, martxan dago ere. "Batez ere maila profesionalean soilik gizonezkoen kirola zen eta zorionez Ados klubak lan egiten du emakumeen parte hartzea maila profesionalean bultzazeko.Telebistan presentzia ere gero eta handiagoa da eta hau garrantzitsua da."
Urriaren 1etik aurrera “Euskal pilotaren historia” erakusketaz, hitzaldietaz eta bisita gidatuetaz disfrutatzeko aukera egongo da. Jardunaldiari amaiera emateko urriaren 18an egun osoko programazioa antolatu dute. Informazio guztia eta jardueretara izena emateko aukera bere webgunean.