Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioan begirada guztiak bereganatu dituen filma izan da Maspalomas, Moriarti ekoiztetxearen azken lana. Jose Mari Goenagaren gidoiarekin eta Aitor Arregik zuzenduta, pelikulak atzera armairuan sartzen den gizon homosexual adindu batean jartzen du begirada. “Hori da oinarria, berez, baina hori baino askoz gehiago da”, azaldu du Goenagak berak Iruñeko Golem Baiona zinemetan jaialdiaren karietara egin den pelikularen pase berezian. Filmak gizarte garaikidean egon daitezkeen “bestelako armairuei” ere so egiten die, izan ere. “Estigma asko daude gure inguruan, eta handienetako bat zahartzaroko sexualitatea da”.
Luzemetrailan, Vicenteren pertsonaiak (Jose Ramon Soroiz) Maspalomasen (Kanariar Uharteak) daraman bizimodu askea bere horretan utzi eta Donostiara bueltatu behar izaten du, iktus baten ondorioz. Han zaharren egoitza batean sartuko du alaba Nereak (Nagore Aranburu), zeinarekin harremana aspaldian hautsia zuen. “Jose Ramon Soroiz akaso gure aktore ezagunena da, oso belaunaldi artekoa da eta denok ezagutzen dugu Martin bezala, Joselontxo bezala, edo Go!azeneko zuzendari bezala. Orain horrelako pertsonaia batean ikustea oso berezia da, eta alde horretatik sorpresa izaten ari da ikusleentzat. Gu erabat eskertuta gaude, berak dena eman duelako lan honetan, bai fisikoki baita psikologikoki ere. Pantailan apreziatzen dela uste dut, eta ikusleek ere nabarituko dute hori”.
Marco filmaren arrakastaren ondoren, Moriarti taldea laugarren aldiz itzuli da Zinemaldiko maila gorenera Vicenteren istorioarekin. “Laugarren aldia bada ere beti da zirraragarria, urduritasuna beti dago hor. Eta ez da erraza bertara iristea, lan handia dago guzti honen atzean”.
‘Donostiatik Iruñera’ zikloaren hurrengo emanaldiak
Golem zinemek antolatu duten Donostiatik Iruñera zikloak astelehenean, hilaren 29an, jarraituko du Jose Luis Guerin zinemagilearen ez-fikzio berriarekin: Historias del buen valle.
Asteartean (irailak 30) Asier Altunaren Karmele filmaren txanda izango da. Filmak Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria izan du inspirazio-iturri: Karmele Urrestiren (Jone Laspiur) eta Txomin Letamendiren (Eneko Sagardoy) bizitzak ditu oinarri, erbesteak eta konpromiso politikoak markatutako maitasun-istorioa. Zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak aurkeztuko dute filma, eta ikus-entzuleekin hitz egingo dute emanaldiaren ostean.
Asteazkenean, urriak 1, Hasan Hadi Atalanteren La tarta del presidente emango dute, aurtengo Zinemaldiko Perlak Sailaren parte ere badena. Canneseko Zinemagileen Hamabostaldian Opera Prima Onenaren Urrezko Kamera saria eta Publikoaren saria irabazi ditu. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak aurkeztuko du filma.
Urriaren 2an, osteguna, Joaquim Trierren Sentimental value proiektatuko da Perlak sailetik, Canneseko jaialdian Epaimahaiaren Saria irabazi ondoren. Norvegiarrak Eskil Vogt-ekin batera berriro sinatu du gidoia, eta Renate Reinsve bere aktore kutunarekin lan egin du. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta Zinemaldiko Hautaketa eta Zuzendaritza batzordeetako kideak aurkeztuko du filma.
Zikloa ixteko, ostiralean, urriaren 3an, Alauda Ruiz de Azua zuzendaria Iruñean izango da, Zinemaldiko Sail Ofizialean ere parte hartzen duen Los Domingos aurkezten. Filmak 17 urteko emakume gazte, idealista eta distiratsu baten istorioa kontatzen du. Izan ere, klausurako moja izatea pentsatzen ari da, eta albisteak familia osoa ezustean harrapatuko du.