Tabernarien alaba da Natali Eskudero. Gurasoek Leitzan zuten negozioa eta txikitatik bizi du ostalaritza. Gazte garaitik dago lanean taberna eta jatetxeetan. “Bizimodu gogorra da, asteburu eta jaiegunetan lanean zaudelako, baina badu alde ona ere. Jende asko ezagutzen duzu eta harreman onak egiten dituzu”, dio Eskuderok. Barraren aurrean kokatzen diren bezeroekin hizketaldiak ere nabarmendu ditu Natali Eskuderok. “Brometan esaten dut psikologia karrera baliozkotu beharko zigutela”.
Lehenengo atal honetan ostalarien bizimoduaz eta gaur egungo egoeraz mintzatu gara Eskuderorekin. Ostalaritzak langileak behar ditu. Askotan lan baldintzak ez dira onenak eta horregatik joan etorriak handiak dira langileen artean. Labak ireki duen espazio berrian barra eta jangelako langileei formakuntza eman die Natali Eskudekok eta urte amaiera arte egongo da jarraipena egiten hasierako momentu hauetan.