Oraindik ere 18 urte ez zituela, Bilboko Bolueta zineman Fermin Balentziaren kontzertu batera joan zen Gabi de la Maza. Bertan entzun zuen lehenengo aldiz Txantxangorria abestia. Transkribatu eta ordutik etengabean abesten zuen. Hainbestetan kantatu eta gero, lagunek erraz izan zuten Gabiri ezizena jartzeko: Txantxangorri. Urte batzuen buruan, Fermin Balentziarekin abesteko aukera izan zuen.
Txantxangorria izan zen hain zuzen ere euskarazko kantuak karaoke bertsioan biltzen dituen web atariari jarri zion izena. 4.300 abestitik gora ditu eta berrehun milioi baino erreprodukzio gehiago lortu ditu bere abestiekin. Euskarari egin dion ekarpena izugarria izan da.
Irakasle zelarik, ikasleentzat prestatzen zituen karaoke kantak eta ondoren DVD baten oparitan eman. Bere ikasleak izan ziren animatu zutenak bideoak youtubera igotzeko. 2008an eman zuen internetera saltoa eta berehala lortu zuen arrakasta.
Kantu bakoitza igotzen hiru ordu sartzen ditu bataz beste Gabi de la Mazak. 12.000 ordu guztira. Oraindik ere kantu asko geratzen zaizkio igotzeko eta etengabean jasotzen ditu berriak igotzeko eskaerak eta proposamenak.
Irailaren 27an, Laban egingo du karaoke saioa arratsaldeko 6etatik aurrera. Aurretik, Irrintzi Plaza saiotik pasa da bere karaokearekiko pasioaz hitz egitera.