Karmele Oteros (Taldeka): “Iruñeko kultur programazioa nerabeei gerturatu nahi diegu”

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 25a

15 eta 21 urte bitarteko gazteei Iruñeko Udalak antolatutako kultur programazioa ezagutzeko bitartekaritza artistikoa da Taldeka

Iruñeko Udalarekin elkarlanean bigarrenez martxan jarri dute Taldeka ekimena Karmele Oterosek eta Oihane Macguinnessek. Helburua, hiriko kultura eta arte-bizitza ezagutzea, eta hurbilpen sortzaile bat proposatzea inguruko kultura garaikidera. Horretarako, tokiko artistekin topaketak zein erakusketetara bisitak eta kultura-ekitaldiak antolatuko dira.

Era berean, elkarrizketarako eta sorkuntza kolektiborako espazioak sortuko dituzte, eta parte-hartzaileek aukera izango dute jarduera kulturalak proposatzeko, ideiak partekatzeko eta proiektu artistikoetan parte hartzeko. Betiere, antolatzaileek nabarmendu dute taldearen nahietara egokitu eta moldatuko dituztela jarduerak.

Joan den urtean 30 gaztek hartu zuten parte estreinako edizioan. Egin zituzten jardueren artean, Ziudadelako erakusketak aztertu, lore lehorrekin zianotipiazko postalak sortu, artisten lanak aurkitu, Huarte Zentroa bisitatu, collageak diseinatu edota serigrafian lehen urratsak eman zituzten.

Taldeka programaren bigarren edizioan izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da. Parte-hartzaileak 10 eta 15 kide bitarteko bi taldetan banatuko dira adinaren arabera: 15 eta 17 urte bitarte dituztenak eta 19 eta 21 urte bitartekoak. Ziudadelako Arma aretoan egingo dira saioak ostegunetan, hamabost egunean behin eta 17:30etik 20:30era. Urritik apirilera bitartean iraungo du programak. Informazio guztia Iruñeko Udaleko kultura webgunean.

Irrintzi Plaza saioan Karmele Oteros, Taldeka ekimeneko arduradunetako bat izan dugu gonbidatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!