Palestinarekin elkartasuna San Fermin Txikiko jaietan ere

Bidane Beloki Ezker 2025eko irailaren 25a

San Fermin Txikiko jaiak bihar hasi eta irailaren 28ra arte ospatuko dira. Gaur arratsaldeko 19:00etan zabalduko dute auzogunea eta bihar goizeko 12:30ean hasiko dira ofizialki jaiak txupinazoarekin batera. Argitzetik iluntzera bitartean antolatu dituzte hamaika ekitaldi eta Palestinari keinu egingo diote aurten argazki herrikoiarekin eta ikurrak zein zapiak kalera aterata. Jai Batzordeko kide eta Alde Zaharreko bizilagun Asier Cabodevillak azaldu digu.

San Fermin Txikiko jaiak Alde Zaharreko bizilagunentzat gozatzeko egunak dira, baina aldiberean, aldarikatzekoak ere; hasiera hasieratik gainera. Herri palestinarrari elkartasuna adierazteko argazki bat antolatu dute 16:30ean, Auzogunean. Asier Cabodevilla Jai Batzordeko kidea eta Alde Zaharreko bizilagunak hala zabaldu du deia: "Jende guztia animatu nahi dugu parte hartzera eta balkoietan Palestinako bandera jartzera". Zapi solidarioak ere lepoan lotzeko deia zabaldu dute. 

Bestalde, asteburu hau urte osoan zehar Alde Zaharrean antolatzen dituzten jarduera eta ekimenen erakuslehioa ere badela iritzi dio Cabodevillak. Hala ere, badakite kontraesanak sortzen dituela horrek. "Guk bizilagunak izanda ezin dugu ukatu jaiak egiteko eskubidea daukagula", aitortu du Cabodevillak. Baina, "enpresa pribatuak, tabernariak eta bestelako eragileek astebururo egiten dute gure auzoaren erabilpen txar bat", azaldu du. Eta berretsi du "bizilagunekiko errespetuz" jaiaz gozatzeko eskubidea dutela Alde Zaharrean ere.

Hartara, bertaratzen den orori, modu berean, errespetuz, jokatzeko eskatu diote. Goizean goizetik iluntzera bitartean izango dira ekitaldiak, txikiendako baita helduentzako ere, parranda zaleentzat eta ez hain juergistentzat ere. Erraldoiak, haurrentzako jolasak, bazkari herrikoiak, pilota eta mus txapelketak antolatu dituzte besteak beste, baita kontzertuak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!