Ane Martija: "Niretzat urtea irailean hasten da eta horri buruz egin dut kantu"

Bidane Beloki Ezker 2025eko irailaren 24a

Iraila kantua da bere lan berriaren aurrerapen kantua. Kontzertu bira aurreikusi du disko berriarekin batera, zuzenekoa indartuz eta lagunak batuko zaizkio oholtza gainean. Ane Martija izan dugu Irrintzi Plazan bere musika ibilbideaz solasean.

Uda garai garrantzitsua izaten da artistentzat, hilabete mugituak alegia. Hemendik hara, oholtza batetik bestera, edota estudioan sartuta buru belarri ematen dute uda. Ane Martijaren kasuan, bietatik izan du aurten udak. Bere proiektu berrian lanean izan da gitarra eskutan, baina ahotsa ere berotu du taula gainean. "Aurten kontzertuena lasaiago hartu dut eta saiatu naiz lan berriari etekina ateratzen", aitortu du musikariak.

'Iraila' du izena lan berriaren lehenengo aurrerapenak. "Niretzat iraila beti izan da berezia", urte hasiera moduko bat da Martijarentzat iraila eta horrek eraman du kantua sortzera. Mezu eta helburu argi bat du abestiak: "Momentu horretan zer-nolako zalantzak eta beldurrak sortzen zaizkigun eta horri aurre egin behar zaiola eta badagoela aukera". "Iraila aldaketa da", gaineratu du Martijak. 

Disko bat prest duela aurreratu du artistak "ildo beretik" joanen dena, baina oraindik ez du argia ikusiko. Hala ere hamaika kantuak osorik entzuteko aukera izan aurretik apurka-apurka beste abestiren bat kaleratuko du Martijak. Beren bitartean, bere lehen LPa izango denaren izena aukeratuko du.

Gitarra eskutan sortzen ditu kantuak eta oraingoan teklatuarekin ere. Horixe bera erakutsi nahi du taula gainean, formatu akustikotik salto egin eta lagunekin partekatuko du oholtza.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!