Lurra, Haizea, Sua eta Ura, Iruñeko Alde Zaharreko erraldoiak urduri daude egun hauetan. Ez da gutxiagorako: San Fermin txikiko jaiak hastear daude, urteko momenturik bereziena eta hunkigarriena haientzat. Baina ez daude urduri bakarrik horregatik. Bada mende laurdeneko pisua duen beste arrazoi bat. Izan ere, hurrengo urtean 25 urte beteko dituzte eta jada hasi dira urteurrenari begira ekimen interesgarriak eta bereziak prestatzen.
Nork ez die noizbait erraldoiei argazkiren bat atera? Dantzan ari direla edo geldirik, lasai eta elegante daudenean. Bada orain, argazki horiek saria ere izan dezakete. Izan ere, konpartsak egutegi bat prestatzen ari da 2026. urterako eta argazki lehiaketa bat antolatu dute irudirik onenekin osatzeko.
Martin Zamarbide konpartsako kidearen bisita izan dugu Irrintzi Plaza saioan ekimenaz mintzatzeko. “Irudiek konpartsaren esentzia, tradizioak eta nortasuna harrapatu behar dute. Ez dira zertan argazki profesionalak edo artistikoak izan behar. 25 urte hauetan ateratakoek ere balio dute”, adierazi digu.
Argazkiak urriaren 15era arte aldezarerraldoiak25urte@gmail.com helbidera bidali behar dira eta hiru egun beranduago jakingo dugu zeintzuk izan diren aukeratuak. Alde Zaharreko konpartsaren sare sozialetan aurkitu daitezke lehiaketako oinarrien xehetasun guztiak.