Paretak belzturik, burdinazko estrukturak agerian, zorua errautsez beterik, eguzki argia pasatzen uzten duten artekak kupulan eta erre usain azkarra… atzo lehen aldiz hedabideok Iruñeko planetarioan sartzeko aukera izan genuen, sugarrek eragindako suntsipenaren lekukotza hartzeko.
Sute ikusgarri horretatik zortzi hilabetera, hondakinak kentzeko eta kaltetutako azpiegiturak eraisteko lanak abiatu dituzte atzo Tornamira aretoan, suak bereziki kalteturiko gunean. Hondakinak kendurik haren oinarriak kaltetuak diren aztertu beharko dute dorrearen eraisketa beharrezkoa den ala ez jakiteko.
Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria Rebeca Esnaolak ohartarazi zuenez kalteen balorazioa 2,2 milioi eurokoa da. Irailetik urrira bitartean, hondakinak kendu eta kupularen egitura indartuko dute.
NDICO sozietate publikoak du orain planetario berriaren plan estrategikoa ontzeko ardura. Lan hori buruturik eraikinaren birgaitze integralari eta Tornamira aretoa berreskuratzeari ekinen diote kupula berria eraikitzeko. Aldi berean, proiekzio-sistema digital berriaren lizitazioa gauzatuko da, hiru milioi euroko kostu estimatuarekin. Ekipamenduak izar-proiektagailu berra, sistema digitala, soinu-sistema, argiztapena eta kontrol-kontsola barne hartzen ditu.