Iristear da eguna. Larunbatean Iruñeko errepideak autoz ez, bizikletaz beteko dira, Marabiyak kolektiboak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatu dute BiziFest musika eta mugikortasun bestaren bigarren edizioan. Arratsaldeko 15:00etan izanen da elkarretaratzea, Basotxoan, eta bertatik abiatuko da bizikleta martxa bi ordu beranduago, 17:00etan. Ibilbideak hiria zeharkatuko du hainbat geldialdi eginez: lehenengoa Ziudadelan, ondoren Aitzindarien parkean eta hirugarren eta azkena Trinitarioseko parkeko Pumptrackean. Geldialdi horietako bakoitzean DJ-ak ariko dira besta girotzen. Helburua, Iosu Marti Marabiyak kolektiboko kideak adierazi bezala, bizikletaren erabilera eta espazioa aldarrikatzea izanen da, "Iruñea hiri bizi bat dela erakustea".
Horretarako, hainbat kolektiborekin elkarlanean aritu dira aurtengo edizioan. "Marabiyak BiziFest gero eta zabalagoa da eta gero eta kolektibo gehiago biltzen ditu bere baitan". Hala, aurten Berriozarko Lantxotegi elkartearekin elkarlanean aritu gara, gazte migranteak laguntzen dituen elkartea, eta haien eskutik Kabia DJ-ak dira martxa musikaz girotzen hasiko direnak. Antolatzaileek nabarmendu bezala, "besta baino gehiago" da kolektiboak irudikatzen duena: "Dibertsitatearen, nahasketaren eta mugimenduan dagoen kulturaren aldeko oihua da". Bizikletaren mugimendua, izan ere, "ez da egun bateko kontua", Martik azpimarratu bezala. "Sinbolo politiko oso indartsua dela uste dugu, izan ere, borroka eta mugimendu asko sinbolizatzen ditu: feminismoa, antiarrazismoa, ekologismoa...". Marabiyak kolektiboko kideak argi du: "Kotxearen garaia pasatu da, baina oraindik egiteko asko gelditzen da".
BiziFesten bigarren edizioan musika elektronikoaren puntako mugimenduan dauden hainbat DJ-k parte hartuko dute. "Garrantzitsua da azpimarratzea parte hartuko duten musikari guztiak bertakoak direla, eta beren arloan oso ibilbide garrantzitsua egiten ari direnak". Horietako bat da Brava DJ, Donostiako artista gaztea. "Bere setak espazioan eta denboran barnako bidaiak dira, eta askotariko genero eta estiloak zeharkatzen dituzte: dembow lehorrenak, footwork eroena, grimea, miami bassa, ghettoa eta junglea, besteak beste. Bere bokal eta mugimendu galaktikoekin ahalik eta gehienezko energia hedatzeko ahalmena du". Lilakk DJa izanen da BiziFesten parte hartuko duen beste artistetako bat, Bilbon sortu eta Andaluzian bizi den DJ gaztea. "Sevillan askoren belarriak liluratu ditu bere set neurrigabeekin, orain dela sei urte Bilbon, Euskal Herriko erreferente den Jarrera Klubb DNB ekoiztetxearen sortzaileetako bat izan zen eszenan bete-betean lekua eginez".
Noski, Marabiyak kolektiboko kideen pintxaldiak ere ez dira faltako, tartean azken urteotan Iruñeko zein Euskal Herriko bizikleta gaineko soinu sistemen mundua astindu duen DJ Reimy. Bestari bukaera emateko, Martik gogoratu bezala, Palestinaren aldeko performancea eginen da ibilbidearen azken geldialdian.
Hauxe izanen da BiziFestaren bigarren edizioaren egitarau osoa:
15:00 – 17:00 Basotxo kalea. Kabia DJak.
17:00 – 17:40 Ibilbidea Ziudadelaraino. Marabiyak DJak.
17:40 – 18:40 GELDIALDIA Ziudadelan. Marabiyak DJak / Brava DJa.
18:40 – 19:20 Ibilbidea Aitzindarien parkeraino. Brava DJa.
19:20 – 20:20 GELDIALDIA Aitzindarien parkean. Brava DJa / Lilakk DJa.
20:20 – 21:00 Ibilbidea Trinitariosko parkeko Pumptrakeraino. Lilakk DJa.
21:00 – 24:00: DJen ikuskizunak Trinitariosko parkeko Pumptrackean. Lilakk DJa / Brava DJa b2b Reimy DJa