Eneko Mendiluze (Agintzari): “Ez da klase magistral bat, gurasotasun positiboaren ereduak norberaren garapenean sinisten du”

Bidane Beloki Ezker 2025eko irailaren 17a

Familia-laguntzako eta gurasotasun positiboko doako taldeak antolatu ditu Iruñeko Udalak. Hausnartzeko eta elkar ikasteko taldekako dinamikak proposatzen dituzte. Izen emateko epea irailaren 25era arte zabalik da. Adin tarteen araberako taldeak antolatu dituzte eta euskarazko hiru talde daude. Eneko Mendiluze Agintzari Kooperatibako psikolohoak azaldu du.

Haur eta nerabeen hezkuntza zenbaitetan ez da erraza izaten. Buruko mina eragiten die askotan helduei txikiek eta gazteek izan ditzaketen jokabideei, sentimenduei eta desadostasunei nola aurre egin eta hauek nola kudeatu. Finean, pertsona baten heziketarako ez dago mirari ezta gidalerro magikorik. Parte hartzea, inplikazioa eta kontziente izatea eskatzen du; norbere buruari galdera egitean datza, eta gurasotasunari buruz hausnartzean.

Hain zuzen, Agintzari Kooperatibako Eneko Mendiluze psikologoak gurasotasun positiboaz aritu da. Iruñeko Udalak 0 eta 18 urte bitarteko adingabeen zainketaz eta heziketaz arduratzen direnentzako doako saioak antolatu ditu.

“Buruhausteak eta bihotzhausteak ematen dituzte batzuetan txikiek ere, mentalak baita emozionalak. Eta horregatik eskaintzen duguna da esparru bat sakontzeko gure guraso ereduan eta bakoitzaren indarguneetan sakonduz elkar elikatu eta elkar ikasten dugu”, azaldu du Mendiluzek.

Autozaintza, autokontzeptua, autonomia, komunikazioa edota maitasuna dira oinarri, besteak beste, norberak bere seme-alabekin eredu propio bat eraikitzean datza gurasotasun positiboa, konfiantza eta konfidentziazko espazio batean.

“Ez da existitzen eredu bakarra eta nik neuk eraiki beharko dut nire sema-alabekin eredu propio bat”, argitu du psikologoak. Bide horretan eta profesionalen eskutik, epaiketa alde batera utzi eta indarguneak bilatzen dituzte. “Ez da klase magistral bat, gurasotasun positiboaren eredua ez doa hortik, norberaren garapenean sinisten duen programa bat da”. Izan ere, Mendiluzeren hitzetan “zorionez”, jarduteko modu bat eta bakarra ez baita existitzen.

Izen-ematea

Irailaren 25era arte zabalik da izena emateko epea. Ordu eta erdiko iraupeneko zazpi topaketa egingo ditu talde bakoitzak. Adin tartean arabera osatuko dituzte taldeak, 0-6 urte bitartekoak, 7-12 urtekoak eta 13-18 urte bitartekoak, eta goizez zein arratsaldez dago bertaratzeko aukera. Gainera, euskarazko hiru talde daude Alde Zaharrean: Astelehenetan 17:00etan 7-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoendako talde bat; asteartetan goizeko 10:00etan 13-18 urte bitartekoendako; eta ostegunetan arratsaldeko 17:00etan 0-6 urte bitarteko taldea.

Zalantzak izatekotan parentalidad@agintzari.eus helbidea eskuragarri dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!