Oraindik ez ditugu sexu erasorik gabeko sanferminik ezagutzen, baina behintzat salaketarik gabeko egun bat egon dela nabarmendu du Iratxe Alvarez Mugimendu Feministako kideak aurtengo sanferminen balorazioa egiterakoan. Joera, beraz, positiboa dela dio, eta Mugimendu Feministatik egindako lanak bere fruituak eman dituela nabarmena da: "Kontzientziazioan lan handia egin da eta hori nabarmena da. Duela hamabost urte emakumeok ez genekien sanferminetan jasaten genituen egoeretako asko indarkeria egoerak zirela, eta orain bai, badakigu. Indarkeria izendatzen ikasi dugu".
Horrek salaketen bideari ateak zabaldu dizkio. "Salaketak egotea ona da, horrek erakusten duelako identifikatzen ditugula eta baliabideak daudela horri aurre egiteko". Hala, sanferminak ez dira duela hamarkada batzuk zirenak, nahiz eta "arrisku sentsazioa" oraindik ere nabarmena den genero ikuspegitik aztertuta. Emakume bazara, arrisku hori oraindik sumatzen da. Horretan, gizonezkoek aurrera-pauso bat ematea beharrezkoa dela nabarmendu du Alvarezek. "Askotan, egiten dena baino, egiten ez den horrek inporta du gehiago. Inguru hurbilean, lagunen artean eman daitezkeen egoera horiek atzematea eta horien aurrean zerbait egitea, hori da garrantzitsuena askotan".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!