SANFERMINAK 2025

Xabi Garin eta Oskar Urdaniz: “Konpartsako bihotza eta arima joan zaizkigu aurten”

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 9a

Josefamunda eta buruhandi zinegotzia dantzatzen dituzte egun Xabi Garinek eta Oskar Urdanizek. Sanferminetan egunero ateratzen dira kalera eta hiru edo lau lagun doaz erraldoi bakoitzaren parean dantzarako prest, “txandakatzeko edo hasi berriei laguntzeko egiten dugu”, azaldu dute. 

Sanfermin gazi-gozoak izaten ari dira neurri batean Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideentzat. Izan ere, aurten Mari Ganuza eta  Jesus Mari Viguiristi ekarri dituzte gogora, “konpartsako bihotza eta arima joan dira”. Data berezia dira sanferminak eta une askotan oroitarazi dituzte.

25 enstegu inguru egiten dituzte aste santutik aurrera eta entseguak bukatzear daudenean erraldoiak jantzi eta txukuntzen dituzte festarako prest izateko.

Egunero egunero kalera ateratzearekin pozik agertu dira dantzariak, hala ere, gogora ekarri dituzte sanferminetako ohiko gatazka eta pasarteak. “Gurasoentzako arauak beharko genituzke”. Aulkitxoen kontua betikoa da: “gurasoek pasa nahi dute, eta guk ere, baina lehentasuna izan beharko genuke; batzuetan momentu bortitzak bizi ditugu eta arriskutsua izan daiteke erraldoientzat”.

Udaletxeari ibilbidea bidaltzen diote garbiketako langileekin ahal den heinean topo ez egiteko, pankartak ere non jarri daitezkeen aztertzen dute, baina arriskuak arrisku, erraldoiak dantzan jartzen dituzte edozein txokotan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!