SANFERMINAK 2025

Maider Beloki (Kultur zinegotzia): "Iruindarrek erabaki dute txupinazoa Palestinan gertatzen dena salatzeko izatea"

Euskalerria Irratia 2025ko uzt. 6a, 11:20

"Alai, pozik eta lasai nago", adierazi du Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultur zinegotziak txupinazoa jaurtitzeko minutu gutxi falta direnean. "Bederatzi egun intentso datozkigu lan-arloan, baina gozatzeko tartetxoak ere izanen ditut". 

Udaletxe barrutik segituko du Maider Belokik, Iruñeko Udaleko Kultur zinegotziak, txupinazoaren unean. Hori bai, azkar batean jaisten da gero kalera: "Urtero, udaletxeko atea zabaltzen denean han izaten naiz. Irudi hori ikaragarria da. Aprobetxatzen dut musikari guztiak agurtzeko", azaldu du.

Txupinazo berezia izanen da aurtengoa bereziki nazioarteari begirakoa Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak botako duelako: "Iruñea hiri solidarioa da. Herriak hori nahi izan du, iruindarrek Palestinan bizitzen ari dena salatu nahi dute. Hori izanen da aurten helburua". Aurten hamaika ekitaldi izanen dira festetan ere: "Nobedadeen artean aipatuko nuke festa deszentralizatzen ahalegindu garela. Alde Zaharra destentsionatzeko batetik, eta bestetik, auzoetara eramateko; familientzako, adinekoentzako… sanferminak gerturatu eta parte hartzea sustatzeko xedez. Iaz hasi ginen eta aurten segitu dugu", jakinarazi du.

"Kultura zinegotzi naizen aldetik kontzertuen berri ematea egokitzen zaidanean badakit ez direla denen gustuko izanen", onartu du. Dena dela, esan du, tokian tokiko taldeak, euskaldunak bermatzea, emakumezkoen presentzia eta musika aniztasuna ekartzea ahalegintzen direla. Maider Belokirentzako txokorik ba ote den galdetuta, argi du baietz: "Lanez lepo gabiltza bederatzi egunez, baina baditugu gozatzeko uneak ere". Maider Belokirekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!