Txoznak, eszenatokia eta egitaraua prest dago O-ko Andre Mariaren Plazan Herri Sanferminei ekiteko. Malen Urbegain eta Irune Azkoiti kolektiboko kideek azpimarratu bezala, aurten ere auzolana izanen da gakoa. Denetara 13 kolektibok osatzen dute Herri Sanferminak, eta denek ala denek izanen dute euren lekua hurrengo egunetarako prestatu duten egitarau zabalean.
Ohikoa den moduan, aldarrikapenen eskutik joanen da besta. Uztailaren 6ko txupinazo herrikoiarekin emanen zaio hasiera egitarauari, kaleko saltzaileak protagonista izanen dituena. 10ean, bestalde, Herri Sanferminen bazkaria egonen da, Palestinaren aldeko manifestaldiaren aurretik. Antolatzaileek argi utzi duten bezala, bestalde, ez dira onartuko inongo erasorik, eta halakoak gertatzekotan erantzuna emango zaiola ere adierazi dute. "Guztiok eroso eta seguru egoteko gune bat izango da, lasaia eta aldi berean alaitsua. Txoznagunea berriro jendez beteta ikusteko gogotsu gaude".
Eragileen eskutik antolatutako bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste. Kontzertuen artean Skabidean, Zaunka, Apotheke, Borla, Malakias, Iruinyard kolektiboa, Islada, Streetwise edota Aingura izango dira iluntzean.