Joseba Koldo Ortega: "'Awa eta Binata' eleberriak emakume migratuak ditu protagonista"

Euskalerria Irratia 2025eko ekainaren 24a

Idazle iruindarrak bere azken eleberria zintzilikatu berri du Booktegin. 'Awa eta Binata, jazarpen amaigabean' Iruñea eta Baztan artean kokatzen den eleberri beltzat da

Joseba Koldo Ortegak bere azken eleberria igo du Booktegi liburu digitalen plataformara. Awa eta Binata, jazarpen amaigabean eleberriak, bi protagonistek Senegaletik Europara egindako bidaia kontatzen du. Egileak berak azaldu moduan, "bertako bizimodu alienagarritik ihes egin ondoren bi lagunek Iruñean topatuko dute behin-behineko aterpea. Bertako jendarteko babesgabeenak ezagutzean, ustelkeria kasu baten lekuko izateagatik zelatatuak eta jazarriak izanen dira eta Baztanen erdietsiko dute laguntza. Hala ere, beraien bizitza kinka larrian egonen da berriro, lagunen sorospenaz hiltzaile bihozgabe baten hatzaparretatik libratzeko". 

Eleberri beltzaren generoan kokatzen den eleberriak, hartara, zapalkuntza desberdinek zeharkatzen dituzten pertsonaiei eman nahi izan die protagonismoa, "beltz izateagatik, etorkinak izateagatik eta emakume izateagatik" jasaten baitute indarkeria. "Gai nagusia emakume migratzaileek askotan sufritzen duten jazarpen soziala eta sexuala da. Bestalde, gehiegi sakondu gabe, etxebizitzaren inguruko arazo soziala azalduko da: Iruñerrian hirigintza-ustelkeriaren testigantza eta Baztan-Iparraldean turismoak eragindako desoreka sozio-ekonomikoa". 

Awa eta Binata booktegi plataforman dago eskuragarri, egileak zehaztu bezala, suspentsea eta eleberri beltza gustatzen zaien irakurleentzat aproposa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!