Lumak Trabesti Fest: Izugarrikerien zirkua Burlatara iritsi da

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 19a, 09:32

Lumak Trabesti Fest ospatuko dute ekainaren 21ean Burlatan. Drag queen eta drag kingak, Iruñerrikoak eta hurrunagotik etorritako gonbidatu bereziak ere izango dira oholtzan. Yogurhina Borova eta Albina Stardust izan dira Guardasolan.

Sekulan imajinatu ezin zenituzketen izakiak. Itsas munstroak, beste planeta bateko estralurtarrak, emakume bizarduna, sabeliztun-panpina, kristalezko boladun iragarlea eta izaki lumadunak. Luma luzekoak, kolore askotakoak eta baita bris-brises betetakoak ere. Izugarrikerien zirkua hirira iritsi da, Lumak Trabesti Fest Burlatara iritsi da. Ekainaren 19an, 21ean eta 22an izango da.

Euskal Herriko lehen jaialdi trabestia da eta laugarrenez egingo dute aurten. Iruñerriko drag artistek sortu zuten haien topagune eta eszenatoki izateko. Eta dagoeneko sendotu eta urtero egutegian ilusioz markatutako data bihurtu da. Maruxakek sustatuta, Burlatako Udalarekin elkarlanean eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatuko dute aurten ere.

Drag-a baino gehiago

Lumak etenik ez duen era berean, jaialdiak ezta ere. Egitaraua zabaldu dute eta ekainaren 19an 'bollo-bertso-poteoa' antolatu dute Burlatako kaleetan zehar. Arratsaldeko 19:30etik aitzina, Maider Arregi, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza kalez kale ibiliko dira.

Ekainaren 21ean, larunbatean, hitzordu nagusia dute Ermitaberri eskolako patioan. Elektropottotteren musika giroa berotzeko lanetan, taula gainean hamabost trabestitik gora, Yogurinha Borova zeremonia-maistra gisa, eta DJ pezon bikotearen musika.

Larunbateko ajea gainditzeko plana ez dute ahaztu: zine solasaldia La Caneliren eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!