Oihana Odria Montenegro Landare Elkarteko kidea da. Urtero, lankidetza orduak modu desberdinetara burutzeko aukera dute elkarte horretako kideek. Eta Oihanaren proposamena izan zen Maitasunaren indarrak Tarotaren bidez izeneko saioa gauzatzea.
Psikologia karrera ikasten ari zela ezagutu zuen Tarota Oihanak. Arketipoen inguruan ari ziren eta Tarota beteta dago. Karta bakoitza arketipo bat da. “Gure nortasuna ezagutzeko bide bat dira, ni Tarotera iritsi nintzen nire nortasuna ezagutu nahian”, adierazi digu Oihana Odriak. “Lagun artean praktikatu dut bakarrik, ez modu profesionalean”. Aurreiritziak eta mesfidantzak daude Tarotaren inguruan. Odriaren esanetan, “Tarotaren esanahia desitxuratu egin zen telebistan iragarkiak zabaltzen hasi zirenean, etorkizuna asmatu zezaketela esaten zutenak. Baina horri aurre egiteko Tarot terapeutikoa indartzen hasi zen duela hamarkada batzuk. Gure iraganean gertatukoak orainean duten eragina identifikatu nahi du eta iragana askatu eta etorkizun sendo eta politago bat izateko helburua du. Nik alor horretatik lantzen dut Tarota. Ezin diogu inori etorkizunaren inguruko jarraibiderik eman, baina bai ordea aholkuak edota gomendioak. Nik tresna terapeutiko bezala erabiltzen dut Tarota”.
Ostegun honetako saioaren lehen zatia teorikoa izango da. Tarota zer den, familia konstelazioak zer diren eta horien oinarrian dauden maitasunaren hiru indarren inguruko azalpenak emango ditu Oihana Odriak. Ondoren, meditazio txiki bat egingo da, familia sistemarekin bat egiteko. Eta bukatzeko, taroteko karten bitartez, maitasunaren indarren irakurketa egingo du Odriak.
Maitasunaren indarrak Tarotaren bidez saioa. Maiatzaren 22an, osteguna, arratsaldeko 6.30etan Zaldiko Maldiko elkartean. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Irrintzi Plaza saioan Oihana Odria Montenegro gonbidatu dugu saio honen inguruko informazioa jasotzeko.