Zenbat ahots eduki ditzake gorputz bakar batek? Ahotsa identitatea da, baina identitatea bakarra al da? Galdera horietatik abiatuta sortu du Idoia Tapia aktore eta abeslari iurindarrak bere lehenengo obra, 'Alter Nation', maiatzaren 29an (osteguna) Iruñeko Geltokin oholtzaratuko duena Gastro Show-aren emanaldi berri batean. Emanaldian, hala, Etxauriko produktu ekologikoekin prestatutako lau pintxo dastatu ahal izanen dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude Geltokiren webgunean.
Tapiaren lehenenengo proiektu artistikoa da Alter Nation, Skabidean taldea utzi eta bere artista eszeniko bezala ekin dionetik. Berak argitu moduan, ahots distortsioekin esperimentatzetik hasi zen obra eraikitzen, eta horrek eraman zion ahotsaren eta identitatearen arteko lotura egitera. "Ohartu nintzen ahotsa identitatea dela, eta estereotipo asko ditugula ahotsarekin lotuta. Ahotsa moldatu egiten dugu egoera desberdinetan, egokitu egiten da".
Distortsioekin eta auto-tunearekin jolasean, Identitate Nahasmendu Disoziatiboaren inguruan hausnartzera ere eraman du artista: "Nik ez dut sindrome hori pairatzen eta hori ere erronka izan zen niretzat, badakidalako pribilegiotik ari naizela. Baina ez dut horren inguruko hausnarketa sakon bat egin nahi izan, horren inguruan hitz egin baizik". Ahots aniztasunak identitate aniztasunarekin uztartuz, umoretik eta umorez idatzitako obra da Tapiarena, hortik ere edaten duelako. Hala, obra "Identitate Nahasmendu Disoziatiboaren inguruko konferentzia performatiboa" bezala definitzen du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!