Irish Film Festival jaialdia maiatzaren 15etik 18ra bitartean iritsiko da Iruñeko Yamaguchi zinema aretoetara. Irish Film Institute erakundearekin batera antolatuta, ikus-entzule euskal herritarrei zinema irlandarra hurbiltzeko asmoa du festibalak. Iruñean Kneecap film ospetsuak irekiko du jaialdia, ostegunean 19:30ean. Bai honek baita gainontzeko film guztiek ere euskarazko azpidatziak izanen dituzte Pantailak Euskaraz egitasmoari esker, Patxi Gaztelumendi kideak argitu moduan, "kasualitate polit baten ondorioz" sortu den kolaborazioa.
Film irlandarrak ireki zuen Pantailaldia joan zen astean Bilboko Kafe Antzokian, eta Irish Film Festivalen antolatzaileek emanaldi horren berri izan zutenean, Pantailak Euskarazekin harremanetan jarri eta jaialdiko film guztiak euskarazko azpidatziekin proiektatzea adostu zuten.
Apirila bukaeran Dublinen ospatu duten festibalaren hedapena da honako zikloa. Bertan, nazioartean oihartzuna lortu duten hainbat zinemagile iberoaberikarren -Iciar Bollain, Marcelo Gomes, Luis Ortega…- lanak proiektatu dituzte, eta orain bestela egingo dute gurean: A Little From All Sides (Alex O’Dogherty), Dublin Crust (Baz Black, 2023), Oddity (Damian McCarthy, 2024) Dead Man’s Money, (Baz Black), Frewaka (Aislinn Clarke, 2024) eta Dreamtown (Steven McKenna) egongo dira besteak beste ikusgai.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!