Estafeta kaleko Iturria Farmaziak 100 urte egin berri ditu. 1925eko maiatzaren 5ean zabaldu zituen ateak botikak Navascues eta Sayans farmazialarien eskutik, eta halaxe agertu zen garaiko egunkarietan. Ez zen edonolako ekitaldia izan, irekiera hartan egon baitziren orduko Iruñeko alkate Leandro Nagore, Tomas Garmendia doktorea, Farmazia ordezkari Gonzalez Boza, udaleko idazkaria, prentsako ordezkariak eta bertze hainbat aurpegi ezagun.
1979tik Pello Iturria Sarasibarrek darama botika. Botikari sendiko semea, Gasteizen zebilen Iturria Estafetako farmazia eskuz aldatzen zela jakin zuenean, eta berehala hartu zuen farmazia erosteko erabakia: Etorri nintzen lanera 1979an, eta txiripaz enteratu nintzen 1925ean inauguretu zela botika. Farmazia lehen zegoen ondoko etxabean, gaur Txirrintxa dagoen lekuan. Baina nik erosi nuenean, dagoeneko hementxe zegoen".
Lokala lekuz aldatu bada ere, oraindik mantentzen ditu orduko arrastoetako batzuk. Farmaziaren atzealdean, aspaldiko garaietako botikak gordetzen ditu oraindik Iturriak, “farmaziako museoa” deitzen duen txokoan, eta oraindik eskuz egindako beirate batzuk ikusi daitezke. Ez dira farmaziako bitxikeria bakarrak, izan ere Erdi Aroko putzu bat ere aurkitu zuten lokalaren azken erreforma egin zenean, bezeroentzako ikusgai uztea erabaki dutena.
Aldaketak aldaketa, botikariak aski ongi ezagutzen du bere ofizioa eta argi dauka zer den bere eginkizunaren alderik garrantzitsuena: Nik uste dut botikariaren zeregina edo izateko modua ez dela aldatu ogibidea existitzen denetik. Jendeari arreta ematea da botikariaren eginkizun nagusia, eta horrek horrela izaten jarraitzen du".
Iturriak erretiroa lasai hartu dezake, izan ere, esku onean dago negozioa. Duela bost urte, Pello Iturria Ormazabal semea ere bertan ari da lanean. Hark dioenez, etxetik ikasi du ogibidea: "Botikako lana polita zela ikusi nuen, jendearekiko tratua gustuko nuen gainera, eta horregatik animatu nintzen".
Ez dakigu beste 100 urterako izanen den, argi dagoena da etorkizun hurbila behintzat bermatuta duela Estafetako botikak.