Donibaneko auzo-elkarteak, San Juan Xarrek, 50 urte beteko ditu aurten. Mende erdia darama auzokideen elkargune izaten, ekimen kulturalak sustatzen, auzoko beste elkarteekin saretzen, tailer eta aktibitateak antolatzen. Ez hori bakarrik. Hodei Tapia eta Koldo Osinaga elkarte-kideek gogoratu moduan, elkartea auzoak zituen beharrak aldarrikatzeko tresna izan zen bere sorreran: "Aurretik zegoen mugimendu herritarraren ondorioz sortu zen, 1975ean, eta hasieran borrokarako tresna izan zen".
Gaur egun, auzokideen beharretara begira dagoen elkartea izaten jarraitzen du, auzoko gainontzeko elkarte eta eragileekin elkarlanean, "auzo hobeagoa" lortzeko helburua duena: "Auzokideen bizi-kalitatea ahal bezain ona izatea da gure helburua, eta horretarako gure esku dagoena egitea. Auzo hobeago bat izatea, parte-hartzailea, integratzailea, berdintzailea, feminista... Balore guzti horiek bilduko dituena".
Sorburutik, hartara, auzoaren bihotza izan da. Egindako bidea gogoratzeko eta ezagutzera emateko, baita urteurren berezi hau ospatzeko ere, Labrit Multimediak ekoiztuko duen dokumentala prestatzen ari dira. Apirilaren 26an izanen da estreinaldia, eta ordura arte proiektua babesteko crowfundig kanpaina abiatu dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!