Otsailaren 28an abiatu zen Irriziklo euskarazko antzerki zikloaren edizio berria, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatuta. Umorea baliabide nagusitzat hartuta, formatu txikiko eta euskarazko proposamenak ikusteko aukera dago Nafarroako Antzerki Eskolan. Bihar, asteazkenarekin, Flop Kultura bideopodcastaren zuzeneko saioak emango dio amaiera zikloari. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa eta bi gonbidatu berezi izango dituzte Danelek eta Enekok: Aitziber Garmendia aktorea eta Aiert Alberdi musikaria.
Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolaren wenbgunean eta leihatilan eskuratu daitezke bost euroren truke.
Lehenengo denboraldian 35 saio egin zituzten, arrakasta handiz, eta, besteak beste, Izaro, Yogurina Borova, Ane LIndane, Pello Reparaz eta Eusko Princess bezalako gonbidatuak izan zituzten. Bigarren denboraldi honetan, gonbidatuen podiuma mantendu dute eta Go!azen telesaileko Ander Lacalle eta Kimetz Etxabe, Kai Nakai, Olatz Salvador, Aitziber Grados edota Olaia Inziarte izan dira mikrofonoen aitzinean.