Jon Barandiaran (Karrikiri): “Bisitaria MO behiak egiten duen bidaiaren parte izango da”

Unai Lako Goñi 2025ko mar. 17a, 19:04

Maiatzaren 10a arte Nafarroako Liburutegian ikusgai egongo da ‘MO: behi euskaldun baten memoriak’ komiki liburuan oinarritutako erakusketa

Behi euskaldun baten memoriak eleberria Bernardo Atxagak idatzi zuen 1991. urtean. Euskal literaturaren klasiko moderno batean bihurtu da honezkero. Behiak goizero larrera atera eta gauero ukuilura biltzeko mandatuarekin utzi zion baserria Asensio Ormazabal lagunak Bernardo Atxaga idazleari, eta han egindako egonaldian sortu zitzaion Behi euskaldun baten memoriak eleberriaren lehen ideia. Atxagak berak aitortu zuen bere ibilbideko libururik zoriontsuena izan zela. 28 egunetan idatzi zuelako, eskuz, bere lehenengo ipuina. Hamaika hizkuntzatara itzuli zen eta irrati nobela gisa egokitu zen Alemanian.

Joan den urtean, eleberri hau oinarri hartuta 200 orrialdeko komikia kaleratu zuten Pello Varela gidoilariak eta Juan Suarez komikigileak. Mo: behi euskaldun baten memoriak izenekoa. MOk ez du behi makal bat izan nahi. Ulertu egin nahi du bere mundua, Balantzategi baserria eta haren inguruan gertatzen ari dena. Zergatik dago basoa begiz beteta? Nor da Karral? 1936ko gerra ez al zen, bada, bukatu?

Orain komiki hau erakusketa batean bihurtu dute Karrikirik, Pamiela Argitaletxeak eta Nafarroako Liburutegiak. Bertan, panelak, testuak, landa eremuko tresnak eta pankarta desberdinak ikusi ahal izango ditugu. Guztia, proiekzioez eta multimedia materialaz lagundua. Honenbestez, pertsonaiek eta lekuek protagonismo handiagoa hartuko dute.

Haur eta gazteei dago zuzenduta eta erakusketa ez ezik proiektu pedagogikoa ere bada. Bertan, antolatzaileek bidaia egin nahi dute denboran, oraina hobe ulertzeko ariketa bilatzen dutelarik. Erantzunak baino, galdera gehiago sortzea nahi dute, iraganera begiratuz. Ikastetxe, Ikastola eta euskaltegietako ikasleekin bisita gidatuak hitzartu dituzte hurrengo egun eta asteetarako.

Karrikiri elkarteak adierazi du inportantea dela abian jarri duten erakusketa. “Karrikiri bera indartuta ateratzen da proiektu honetatik eta etorkizuneko fruituak emango dituen artefaktua indartzen joango da”. Nafarroako Liburutegian erakutsi eta gero, proiektua Nafarroa osotik eramateko asmoa du elkarteak.

MO: Behi euskaldun baten memoriak liburuko ilustrazioekin egindako erakusketa, maiatzaren 10a arte, Nafarroako Liburutegiko erakusketa aretoan egongo da ikusgai. Astelehenetik ostiralera 8:30etik arratsaldeko 20:30era eta larunbatetan 08:30etik 13:30era. Karrikirik, Pamiela Argitaletxeak eta Nafarroako Liburutegiak antolatuta. Irrintzi Plazan Karrikiri Elkarteko kide den Jon Barandiaran elkarrizketatu dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!