Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak aurrera jarraituko du larunbata arte. Bidean, Baluarten emanen diren filmeez gain, egitarau musikalak Iruñeko bestelako tokiak ere hartuko ditu. Horietako bat izanen da, hain zuzen ere, gaur Txintxarri tabernan emanen den kontzertua. Rig3len trap eta autotune soinuek hartuko dute San Frantzisko kaleko oholtza. Emanaldi berezia izanen dela aurreratu digu Rig3l proiektuaren atzean dagoen Yoni Salaberria musikari goizuetarrak: "Orokorrean nahiko linealak izan ohi dira nire kontzertuak baina kasu honetan berezia izango da, zinemaldiaren baitan datorrelako".
2023an argitaratu zuen bere lehen EP-a, Azeriak izenburupean, eta ordutik ona beste hainbat abesti ere plazaratu ditu. Mexikora egindako bidaia batean bizitako egoera gogor baten ondorioz hasi zen musika sortzen. Hartara, bere abestiak barreneko korapiloak askatzeko bidea direla aitortu digu Salaberriak; baita entzuten duenarengan eragin hori izatea gustatuko litzaiokeela ere: "Nire ametsa litzateke gaizki edo desberdina sentitzen den pertsona horrengana ailegatu eta esatea 'Hi lasai, gaizki sentitzea ongi dago beti ezin zara ongi sentitu'. Normaltasun mezu hori eman nahiko nuke".
Kontzertua 21:00etan hasiko da Txintxarrin eta DJ Goo-ren pintxaldiak osatuko du emanaldia. Sarrera doakoa da.