2003an mendeurrena ospatu bazuten ere, La Unica peña 1930-33 urte bitartean sortu zela jakin dute orain. Azkeneko hamarkadan ikerketa lan zabal baten koordinatzailea izan da Jabiertxo Andiarena. Labrit Ondarea eta NUPeko historia sailarekin elkarlanean osatutako proiektua izan da.
8.000 dokumentu bildu dituzte honezkero. Ehunka argazki lortu dituzte eta peñako kide beteranoei egindako hamarnaka elkarrizketen bitartez joan dira La Unicaren historia osatzen.
Ikerketaren datu nagusiak jakitera eman zituzten joan den astean. Bertan jakin zuten sorrera data ez zela pentsatzen zutena, baina informazio berri gehiago topatu dute.
Esate baterako, Gerra Zibilean gutxienez peñako bi kide erail zituztela edota La Unica de Amaya izena ere izan zuela, urte batzuetan Amaia kalean egoitza izan baitzuten. Frankismo garian poliziak peñako bileretan egiten zituzten jarraipenen ondorioz idatzitako txostenak ere informazio iturri izan dituzte. Bertan, bilera edota batzar horietan eztabaidatzen ziren gaiak jakin ahal izan dituzte.
Emakumeen parte hartzea ere, uste zutena baino lehenago iritsi zen La Unicara. Mendi taldean emakumeak 60. hamarkadan sartu ziren, naiz eta emakumeak peñetan beranduago onartu.
Oraindik ere ari dira informazioa jasotzen eta beraz ikerketa ezin da itxitzat eman. Peñako kideek oraindik ez dakite bildutako guztiarekin zer egin, baina liburu bat edota erakusketa bat egitearen ideia askoren buruan dago.
Irrintzi Plazan Jabiertxo Andiarena, La Unica peñako kidea eta proiektuaren koordinatzailea elkarrizketatu dugu.