Uxue Artxanko (Klandestinak): “Emakumeei ahotsa jarri eta orain arteko historia tradizional, hegemoniko eta patriarkala hankaz gora jarri dugu”

Bidane Beloki Ezker 2025ko ots. 21a, 13:44

Mikroguneak Iruñeko mikroespazio kulturalen sarean lehenengo proiektua da Klandestinak. Hamar emakume kolektiboren istorioak bildu dituzte eta gaur izango da lehenengo ekitaldia, ‘Errepresaliatuak’, arratsaldeko 19:00etan. Uxue Artxanko Antartikako ordezkaria mintzatu da zikloko xehetasunen inguruan.

Iruñeko Antartika kulturgunea, Katakrak, Geltoki eta Teatrolari antzerki eskolaren bideak gurutzatu dira beste behin ere. Klandestinak zikloa da oraingoan eskuarteko emaitza.

Errepresaliatuak, putak, aitzindariak, erasotuak, disidenteak, sorginak, langileak, neskameak, artistak eta emaginak izan ziren emakumeak plazara aterako ditu Klandestinak zikloak.

Ez ba lehendabiziko aldia lau kultur eragileak elkarlanean aritzen direna: “Iruñeko mikroespazio ezberdinen kultur sarea izan nahi genuen”. “Programa alternatiboa, berritzailea eta disruptiboa” egin nahi zutela azaldu du Artxankok. “Denon indarrak batzea” izan da hartu duten bidea.

Aldebikoa izan da helburua: elkarlana eta pentsamendu kritikoa bultzatzea. Horretarako, hiriko espazioak, tokiko artistak eta isilarazitako emakumeen ahotsak izan dira abiapuntua.

Amaia Nausia Pimulier historialaria ere dago ziklo honen gibelean. “Iruñeko emakumeen kolektibo hauei buruz asko daki”, aitortu du Artxankok. Proiektua garatu bitartean informazio gutxi aurreratu dien arren, “Iruñeko emakume hauei ahotsa jarri die eta orain arte izan ditugun historia tradizional, hegemoniko eta patriarkalak hankaz gora jarri ditu”.

Otsailaren 21etik ekainaren 6ra bitartean garatuko da kultur proposamena. Hamar saio izanen dira, bakoitzak kolektibo bat ardatz, eta emanaldi guztiak, ostiraletan izango dira arratsaldeko 19:00etan. Egitura bera jarraituko dute saio guztiek: historialari baten eskutik informazio tartea, eta ondotik, arte-eszenikoen alorrean hausnarketaren atea zabalduko dute.

‘Putak’, otsailaren 28an, eta Langileak, maiatzaren 2an dira euskara hutsean antolatu dituzten bi emanaldiak. Sarrerak hamabi euroan eskuratu daitezke; zortzi euroan langabeentzako. Horretarako eta emanaldi guztien informazioa kontsultatzeko klandestinak.com webgunea sortu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!