Leire Olkotz eta Itziar Goñi: “Kolore eta estilo anitzez osatutako proiektua sortu dugu”

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 17a, 19:54

Variopintas kolektiboaren ‘Ars Naturae, Natura artis’ erakusketa ikusgai dago Iruñeko Ormolú arte galerian

Variopintas kolektiboa, ilustrazioaren inguruan jarduten duten zortzi emakumek osatzen dute. Kasualitatez elkartu ziren lagun baten erakusketaren irekieran 2019an eta bilera batzuen ostean proiektu kolektiboak martxan jartzea erabaki zuten. Pandemia aurretik Bidaia koadernoak izeneko erakusketa antolatu zuten, baina itxialdiaren ondorioz aste bete bakarrik egon zen ikusgai: “Historiako arte erakusketarik motzena izan da”, kolektiboaren kideen esanetan.

Leire Olkotz, Idoia Iribertegi, Berta Sueskun, Mila Garcia, Gabriela Barrio, Itziar Goñi, Rebecca Gil eta Concha Pasamar dira Variopintas kolektiboko kideak. Otsailaren 8an aurkeztu zuten haien azkeneko proiektua, Ars Naturae, Natura artis izenekoa. Natura izan dute artelan guztien ardatz. Aurreko erakusketekin alderatuta, oraingoan ez dute sormen kolektiboa egin, kide bakoitzak aurretik zeuzkan obrak edota propio proiektu honetarako sortutako banakako lanak batu dituzte.

Azken unera arte ez dute jakin gainerakoek aurkeztu behar zituzten lanak, eta horrek xarma berezi bat eman dio proiektuari. Oso lan desberdinak topatu daitezke, diziplina desberdinetakoak: bideoak, argazkiak, eskulturak, poesia…

Leire Olkotzek, testuarekin, eskulturarekin, marrazkiarekin eta pinturarekin esku hartutako argazkiak sortu ditu. Naturaren inguruan lan zehatzik ez badu egin ere, bere obran presente dagoela konturatu da proiektu hau prestatzerako orduan. Lan handia egiten du emakumearen irudiarekin, "natura ere badena; natura gara jatorrian".

Itziar Goñik berriz, kartoizko hegaztiak proposatu ditu, sabaitik zintzilik daudenak eta beraz erakusketaren gainetik hegan egiten dutenak, artista aurretik izan zuten aitona-amonen, birraitona-amonen eta beste senide batzuen izenak (Patricio, Isidoro, Federico, Aniceto, Modesto). Bestetik, oiloak ere sortu ditu.

Ormolú arte galerian ikusi daiteke erakusketa martxoaren 1a arte, baina proiektu berrietan ere ari dira pentsatzen, hizkuntzarekin lortutako sormenezko proiektua. Irrintzi Plazan Variopintas kolektiboko Leire Oskotz eta Itziar Goñi gonbidatu ditugu haien proiektu berrien inguruan hitz egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!