Urtarrilaren 11tik martxan da Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketa. Martxoaren 29ra arte jokatuko da, zazpi kategoriatan banatuta, eta guztietan nagusitzeko erronka du Lesakako Beti Gazte taldeak. Iaz balentria hori aurrenekoz gauzatzeko gai izan zen, eta bide beretik doa orain, dagoeneko hiru txapel irabazi baititu.
Lesakarren arrakasta ez da soilik nazio mailakoa, eta horren erakusgarri da duela urtebete Suedian jokatu zen Munduko Txapelketa: sei domina eskuratu zituzten elkarteen arteko tiraldietan, eta beste bost Euskal Herriaren izenean lehiatuz. Urrezko aroa ari da izaten Beti Gazterentzat, eta goraldiaren sekretuez galdetu diogu klub lesakarreko kide den Karmele Pikabeari.