KIROLERRIA

Bukatu da lehortea

Eñaut Agirrebengoa 2025ko ots. 3a, 16:50

Garaipenik gabeko 9 jardunaldi kateatu ondoren, gorritxoek atzo 2-1 irabazi zioten Realari Sadarren. Derbi parekatua izan zen, eta Budimirren golek eta Aimarren kalitateak apurtu zuten oreka

Las Palmasen estropezu mingarria izan zuen Osasunak, baina kritikak txalo bihurtu zituen atzo. Lan nekaezina eta eraginkortasuna ardatz hartuta, meritu eta balio handiko garaipena lortu zuen goi-mailako aurkari baten kontra.

Baloia Realarena izan zen, baina golek, berriz, kolore gorritxoa izan zuten. Aurrenekoa 34. minutuan iritsi zen, Budimirren ezkerkada lehor baten bidez. Behetik gora egin zuten nafarrek, eta eroso sentitu ziren markagailuan aurrea hartu ondoren.

Bigarren zatian, berriz, sufritu egin zuten Kubok eta Oskarssonek izandako aukera garbiekin. Baina onik atera ziren, eta 74. minutuan, partida ia erabakita utzi zuen Budimirrek, Ruben Garciaren erdiraketa dotorea buruz sareratuta. Oskarssonek luzapenean egindako golak izua zabaldu zuen Sadarren, baina puntuak Iruñean gelditu ziren azkenean.

Garaipenak eragin nabaria izan du Ligako sailkapenean, Osasuna zazpigarren jarri baita. Eta era berean, hauspoa emango dio ostegunean Anoetan jokatuko duen Kopako partida erabakigarriari begira.

Emakumeen taldeak, berriz, 2-3 galdu zuen atzo Bartzelona Bren kontra. Zirrara eta erritmo handiko partida izan zen, eta 0-1 galtzen hasi ondotik, markagailuari buelta emateko gai izan ziren nafarrak, Irati Igoak eta Carmenek egindako golei esker.

Baina ezin izan zioten errentari eutsi, eta berdinketaren gola jaso ondoren, kontraeraso batean punturik gabe utzi zituzten kataluniarrek. Zortzigarren gelditu sailkapenean, playoffetik sei puntura, eta jaitsieratik bira.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Ane Martiarena, Unai Lako eta Oier Zumarraga, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!